Ustez erasotutako emakumeak 28 urte ditu eta haurdun dago. Igandean izan zen erasoa, eta emakumeak salatu du tratu txar psikologikoak jasaten zituela. Bikoteak bi haur ditu
29 urteko gizonezko bat atxilotu zuen igande arratsaldean Ertzaintzak Orion, ustez bere bikotekidea erasotzeagatik. 28 urte ditu erasotutako emakumeak, eta haurdun dago.Igandean arratsaldeko seiretan atxilotu zuten gizonezkoa Urola Kostako Ertzainetxeko ertzainek. Azaldu dutenez, emakumea arratsalde partean Orioko Udaltzaingora gerturatu zen eta erasotua izan zenaren salaketa jarri zuen; han kontatu zuenez, erasoa bikotea bizi den etxean gertatu zen. Eztabaida bat eduki, eta gizonezkoak egurrezko apal bat bota eta bultzakada eman zion, beso batean min emanez. Era berean, emakumeak salatu zuen bikotekideak tratu txar psikologikoa ematen ziola adingabeko bi alaben aurrean.
Salaketaren ondoren ertzainak bikotearen etxera joan ziren, eta bertan aurkitu zuten ustezko erasotzailea. Ertzaintzaren arabera, honek onartu egin zuen bikotekidearekin eztabaida izan zuela. Emakumeak kontatu bezala, apal bat lurrean aurkitu zuten Ertzaintzako agenteek. Hala, atxilotu eta Ertzain-etxera eraman zuten.