Orion 29 urteko gizonezko bat atxilotu dute, ustez bikotekidea erasotzeagatik

Urola Kostako Hitza 2015eko otsailaren 23a

29 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo arratsaldean Ertzaintzak Orion, ustez bere bikotekidea erasotzeagatik. 28 urte ditu erasotuak eta zortzi hilabeteko haurdun dago. Atzo arratsaldeko seiretan atxilotu zuten gizonezkoa Urola Kostako Ertzainetxeko ertzainek. 28 urteko emakumeak erasotua izan zenaren salaketa jarri zuen atzo Orioko Udaltzaingoan; han kontatu zuenez, bikotea bizi den etxean izan zen erasoa, eztabaida bat izan eta gizonezkoak egurrezko apal bat bota eta bultzakada eman zion, beso batean min eginez. Era berean, adin txikiko beste bi alaben aurrean bikotekideak tratu txar psikologikoa ematen ziola salatu zuen. Salaketaren ondoren ertzainak bikotearen etxera joan, eta han zegoen ustezko erasotzailea. Ertzaintzaren arabera, honek onartu egin zuen bikotekidearekin eztabaida izan zuela, eta  apal bat lurrean aurkitu zuten. Hala, atxilotu eta  polizia etxera eraman zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide