Orioko XXI. Traineru Jaitsiera jokatuko da. 87 ontzik parte hartuko dute neguko arraun hitzordurik garrantzitsuenean. Aurten lehen aldiz emakumeen bandera ere izango da jokoan
Bihar 16:30etik aurrera Oriaren XXI. Traineru Jaitsiera jokatuko da, eta 87 ontzik orain arte egindako lana jarriko dute balioan; gainera, aurkarien maila ikusiko dute, traineru denboraldiari begira hobetu beharrekoak zehazteko. Aurtengoan, gainera, berrikuntza bezala emakumezkoen lehian ere bandera izango dute jokoan. Denera, emakumezkoen 15 traineruk parte hartuko dute jaitsieran, tartean Hibaikak, Zumaiak, Oriok eta San Juanek.Beste aldietan bezala, bi ibilbide izango ditu jaitsierak. Alde batetik, llagut-ek, talde mistoek, beteranoek eta emakumezkoek 4.000 metroko ibilbidea osatu beharko dute Saikolatik Oriora bitartean. Bestetik, gizonezkoek Mapil-Orio ibilbidea egingo dute, 6.000 metrokoa; azken lehian 49 traineruk parte hartuko dute, tartean San Miguel Ligako zortzi taldek: Oriok, San Juanek, San Pedrok, Portugaletek, Zierbenak, Kaikuk, Urdaibaik eta Hondarribiak.
Orioko Arraun Elkartea oso gustura dago aurtengo parte-hartzaile kopuruarekin. «Marka guztiak hautsi ditugu. Urtez urte garrantzia hartzen joan da jaitsiera, eta oso harro gaude arraun elkarteek Orioko neguko jaitsiera egutegian gorriz markatuta dutelako», azaldu du Ibon Huegun Orioko Arraun Elkartearen lehendakariak.
Bestalde, Huegunek eskerrak eman nahi izan dizkie Orioko Udalari, jaitsiera babesten duen Babyauto enpresari eta egunean bertan boluntario bezala lanean arituko diren oriotar guztiei. «Ekitaldiren bat antolatzen dugunean oriotarren aldetik beti erantzun bikaina izaten dugu, eta hori oso pozgarria da». Iritzi bera du Orioko alkate Beñat Solaberrietak ere: «Herriarentzat oso garrantzitsua da eragile batek maila eta dimentsio horretako ekimena antolatzea, eta lan boluntarioan oinarrituta bada, oraindik eta aberasgarriagoa da». Arraun lehia izateaz gain, alkatearen iritziz festa ikuspegia ere badu jaitsierak. Ildo horretatik, Villafranca del Penedeseko musikariek eta castellers-ek parte hartuko dute jaian, eta Talaimendi txarangako kideak ere kalez kale ibiliko dira herrian jai giroa jartzen.