Hiri Antolamenduko Plan Orokorra herritarrekin lantzen hasi da udala. «Hau da proposamenak egiteko momentua». Asteartean egingo dute hurrengo bilera
Orio 2030 parte hartze prozesua jarri du martxan Orioko Udalak, eta asteartean egin zuten aurkezpen bilera herritarren aurrean. Hiri Antolamenduko Plan Orokorra lantzen ari da udala, eta bileran lantalde teknikoko Mikel Iriondo abokatuak azaldu zuen zein helburu dituen planak, eta parte hartze prozesua nolakoa izango den.Plana egiteko diagnostiko bat egin dute, eta hori abiapuntu hartuta zehaztuko dituzte arloz arloko ekintzak. Iriondok azaldu zuen diagnostikoaren arabera Orio «kalitate handiko herria» dela, eta orokorrean ekipamendua egoera onean dagoela. Baina zehaztu zuen diagnostikoa ez dagoela amaituta. Haren esanetan, prozesuan zehar osatzen joango da diagnostikoa (irakurgai dago orio.eus udal webgunean).
Prozesu malgua
Herritarrek beren proposamenak helarazteko aukera izango dute bileren bidez nahiz udaletxera zuzenduta edo posta elektronikoz (orio2030@orio.eus), eta Iriondok mezu argia eman zuen: «Hau da proposamenak egiteko momentua». Azpimarratu zuen ekintza zehatzak aurkeztuko dituela udalak, ez direla orokortasunean geldituko.
Bilera egunak eta gaiak zehaztuta dauden arren, malguak izango dira, eta gairen batek aparteko bilera bat eskatzen badu, antolatuko dutela. Bigarren bilera asteartean izango da, 20:00etan Kultur Etxean.