Alaine Agirre bermeotarrak irabazi du XXXIII. Xabier Lizardi Saria

Eneritz Albizu Lizaso 2015ko ots. 20a, 00:00

'Hau ez da zoo bat!' lana aukeratu du epaimahaiak, etxean animalia bat sartu nahi duen haur baten istoriari buruzko lan bat. Zarauzko Udalak 2.500 ale argitaratuko dituAlaine Agirre idazle bermeotarrak irabazi du XXXIII. Lizardi Saria, Hau ez da zoo ba...

'Hau ez da zoo bat!' lana aukeratu du epaimahaiak, etxean animalia bat sartu nahi duen haur baten istoriari buruzko lan bat. Zarauzko Udalak 2.500 ale argitaratuko ditu

Alaine Agirre idazle bermeotarrak irabazi du XXXIII. Lizardi Saria, Hau ez da zoo bat! lanarekin. Hamazazpi lan aurkeztu dituzte 2014ko literatur lehiaketara, eta Agirrerena aukeratu dute epaileek, hau da, Jesus Mari Olaizola Txiliku-k, Miren Agur Meabek, IƱaki Frierak eta Ramon Olasagasti iazko Lizardi Sariaren irabazleak.

Urtero legez, Zarauzko Udaleko Kultura Sailak 2.500 ale argitaratuko ditu, herriko eskoletako ikasleei banatzeko. Horrez gain, 3.700 euroko saria irabazi du Agirrek. Sari banaketa apirilean egingo dute, eta ekitaldiko egun berean plazaratuko dute argitalpena.

Hau ez da zoo bat! lanean, etxean animalia bat eduki nahi duen haurrak hitz egiten dio irakurleari, eta animalia hori erdiesteko estrategiak kontatzen ditu protagonistak liburuan. http://ttiki.com/337001 helbidean irakurgai dago liburu horren lehen atala.

Alaine Agirrek 24 urte ditu, eta eskarmentu handia. Izan ere, dagoeneko lau liburu argitaratu ditu Elkar argitaletxearekin: hiru liburu haurrentzat—Letra txarra daukat, eta zer?; Nire potxolina maitea; eta Nora joan da aitona— eta bat helduentzat: Odol mamituak. Azken hori iaz argitaratu zuen.

Horrez gain, Urruzuno Literatur Lehiaketa hainbat aldiz irabazi du. Gaur egun euskarazko liburuen editore gisa egiten du lan.

Ramon Olasagastik irabazi zuen 2013ko Lizardi Saria, Sugaar lanagatik; 2012an Oihane Fernandezek Labarreko itsasargia-gatik, eta 2011n Idoia Etxeberriak, Ez dago argi lanari esker.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide