Ordubete iraun zuen Orio 2030 parte hartze prozesuari buruzko aurkezpenak (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Parte hartze prozesu bat jarri du martxan Orioko Udalak, eta atzo egin zuten aurkezpen bilera herritarren aurrean. Hiri Antolamenduko Plan Orokorra lantzen ari da udala; alegia, datozen urteeotan Oriok zer garapen izango duen zehazten ari da.
Beñat Solaberrieta alkateak aurkezpenaren amaieran
herritarrei gogorarazi zien hainbat bide dituztela beren ekarpenak egiteko. Datozen asteetan egingo diren bilera irekietan parte hartzea da bat, zuzenena, baina horrez gain udaletxean idatzi bat aurkeztu daiteke, edo mezua bidali
orio2030@orio.eus helbide elektronikora.
Lantalde tekniko bat ari da plana osatzen, eta Mikel Iriondo abokatuak eman zituen azalpenak atzo. Plana egiteko
diagnostiko bat egin dute aurrena, eta hori abiapuntu hartuta zehaztuko dituzte arloz arloko ekintzak. Iriondok esan zuen diagnostikoak agerian uzten duela Orio "kalitate handiko herria" dela, eta orokorrean ekipamendua egoera onean dagoela. Baina argi utzi nahi izan zuen diagnostikoa ez dagoela osatuta, amaituta. Haren esanetan,
prozesuan zehar osatzen joango da diagnostikoa. Plana zehazterako orduan kontuan hartu beharreko hainbat faktore zerrendatu zituen: itsasadarra, hezeguneak, etxebizitza kopuruen kuotak, industrialdeak etab.
Bi ideia ere azpimarratu zituen: bat, ekintza zehatzak aurkeztuko direla, ez direla orokortasunean geldituko; eta bi, hau dela momentua herritarrek beren iritziak, kezkak eta proposamenak helaraztekoa.
Izan ere,
Iriondok esan zuen erabakiak hartu beharko direla, eta horrek aukeraketa egitea eskatzen duela, betiere hainbat faktore kontuan hartuta, tartean legeak eta bestelako mugak. "Esaterako, Orio bezalako herri bati etxebizitza arloan kopuru kuota bat dagokio, 200-400 artekoa. Ezin dira 1.000 etxebizitza egin, eta erabaki egin beharko da zein eremu aukeratu horretarako. Jada hiritartuta dauden lurrak aprobetxatu, ala eremu berriak erabili. Esaterako, Palotas inguruko baratze eremua hiri lurrera pasatu behar da?". Industria lurrei dagokienez, gogoratu zuen gaur egungo planean jasota dagoela Aizperron industrialdea egitea, baina proiektu hori geldirik dagoenez, planteatu egin beharko dela plan berrian asmo hori mantendu ala ez. Mugikortasun arloan zer politika egin ere erabaki behar dela esan zuen. Ibilgailu gehiagoko ala gutxiagoko eremuak nahi diren Orion zehaztu, eta horren arabera erabakiak hartu.
Plan orokorrarekin udalak bete nahi dituen
helburuez ere hitz egin zuen. Hamarretik gora aipatu zituen, besteak beste: herriaren beharrei erantzutea; herriaren kalitatea hobetzea; landa lurren eta naturguneen balioak onartu eta bultzatzea; eremu degradatuak txukuntzeko neurriak zehaztea; itsasadarraren balioa eta protagonismoa bultzatzea eta indartzea; mugikortasun jasangarriaren oinarriak zehaztea; esparru libreei eta ekipamenduei buruz erabakiak hartzea...
Datozen asteetako bileretan sakon hitz egingo da esparruz esparru.
Otsailaren 24an da hurrengo hitzordua, eta bertan plana azalduko dute, eremuz eremu. 20:00etan izango da, Kultur Etxean.
Prozedura
Iriondok azaldu zuen Plan Orokorraren inguruko dokumentuak 3 hilabetez herritar ororen eskura egongo direla aztertzeko, iradokizunak egiteko etab. Eta, paraleloki, bilera irekiak egingo direla herritarrekin.
Bilera egunak eta gaiak zehaztuta dauden arren,
malguak izango direla zehaztu zuen, eta gairen batek aparteko bilera bat eskatzen badu, antolatuko dutela. "Saio hauei ahalik eta etekin gehien atera nahi diegu, proposamen guztiak biltzeko. Saio hauek modu bizi eta irekian hartu behar dira, eta herritarrak eta taldeak animatu nahi ditut parte hartzera eta irizia ematera nahi duten bideetatik: udaletxera joanda, Internet bidez mezua bidalita edo bileretara etorrita".
Herritarren iritziak
Iriondok aurkezpena amaitu zuenean, bertaratu zirenek aukera izan zuten beren iritzia emateko, eta Iriondok guztien azalpenak apuntatu zituen koaderno batean.
Herritar batek esan zuen diagnostikoa irakurri duela, eta hutsune batzuk ikusi dituela. Esaterako, faltan bota du "Orioko sare sozialei, eragileei buruzko argazki sakon bat". Arlo sozioekonomikoan ere hutsuneak aurkitu ditu diagonistikoan: "Ez da behar adina kontuan hartu ekimen publikoaren eragina. Enpresa pribatuen ekimenez hitz egiten da, baina herriko bi ikastetxeek DBH jarri izanak, kanpineko kantinak... horrelakoen eragina ez da aintzat hartu".
Diagnostikoaren inguruan hitz egin zuen beste herritar batek ere.
Mugikortasunaren gaian hutsuneak dauela esan zuen, eta nabarmendu zuen herriko talde batek mugikortasunari buruzko txosten bat helarazia diola udalari, baina hori ez dela agertzen diagnostikoan.
Beste herritar batek honakoa galdetu zuen Plan Orokorraz: "
Aparkalekuak etxebizitza berriei lotuta al daude? Izan ere, nire ustez, kalean dauden aparkalekuak ez dira nahikoak egungo beharrei aurre egiteko". Iriondok erantzun zion aparkalekuen gaia prozesuan zehar kontuan hartu dela, zalantzarik gabe.