'Garai hura gara' ikuskizuna eskainiko dute Orion Lizasok eta Egañak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2015eko otsailaren 17a

Xabier Lizaso eta Andoni Egaña 'Bi arreba' ikuskizuna eskaintzen. (Iturria: Lanku) Piano musika, bertsoak eta anekdota historiak uztartzen dituen ikuskizun berria aurkeztuko dute Xabier Lizaso piano-jotzaile oriotarrak eta Andoni Egaña bertsolari zarauztarrak ostiralean 22:00etan Orioko Kultur Etxean. Bertan, XVIII. eta XIX. mendeko giroaren eta kultur joeren berri emango dute; Europan, Euskal Herrian, Gipuzkoan edo Amezketan kultura nola bizi zuten azalduko dute musika eta bertsoen bidez. Horretarako, Larrañaga, Gamarra eta Osinaga konpositoreen musika eta Peñafloridako Kondearen hainbat obra aukeratu ditu Xabier Lizasok. Egañak, berriz, Fernando Amezketarraren lana ekarriko du gogora eta garaiko beste bertsolari eta kultur erreferenteak ere aipatuko ditu. Garai hura gara ikuskizuna ez da Lizasok eta Egañak elkarlanean egiten duten lehen lana. Bi arreba ikuskizuna egin zuten aurretik eta 2013an Orion aurkeztu zutenean aretoa bete-bete egin zen. Oraingoan ere beste horrenbeste gertatzea espero du Orioko Udalak. Sarrera doakoa izango da, baina bertan izan nahi duten herritarrek gonbita hartu beharko dute Kultur Etxean. Kultur etxeko aretoko aforoa mugatua denez, 120 sarrera jarri dituzte eskuragarri eta arin ibiltzeko gomendatu die udalak herritarrei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide