GueraraOrio Elkarteak 1.600 kilo bildu ditu, eta udalak 2.000 kilora iristeko falta den arroz kopurua eman du. Bi ikastetxeetan jaso dute guztira bildutako elikagaien %80.
GueraraOrio Elkarteak Mendebaldeko sahararrei laguntzeko janari bilketa kanpaina bat egin du urtarrilean zehar, eta herritarrek izan dute erantzunarekin «oso gustura» daudela azaldu dute arduradunek. Iaz baino 400 kilo gehiago biltzea lortu dute aurten, 1.600 kilo elikagai hain zuzen ere; gainera, Orioko Udalak 2.000 kilora iristeko falta den arroz kopurua erosteko ekarpen ekonomikoa egin du. «Benetan eskertu nahi diegu janari bilketa kanpainan parte hartu duten eragile, denda eta oriotar guztiei».Kopuruez haratago, oriotarren jarrera nabarmendu beharra dagoela uste du Jokin Uranga GueraraOrio Elkarteko kideak. «Keinu txikiek erakusten dute herritarren borondatea, ez datuek». Haurrek eskolara poltsa bete arroz edo pasta daramatela ikusteak, esaterako, poza ematen dio Urangari. Ildo horretan, gogoratu du herri mailako janari bilketa egiteko plazan haima jarri zutenean gertatutakoa. «Eguraldi oso-oso txarra egin zuen egun horretan. Etxera nindoan, eta bat-batean emakume bat erosketako karroa bete-betea zuela ikusi nuen plaza aldera joaten. Haizea eta euria ari zuen, eta egoerak harritu egin ninduen; janari bilketara zihoan galdetu nionean, baietz esan zidan. Bat-batean deitu nuen haima-ra, eta bertan zegoen mutil gazte bat etorri zen emakumeari laguntzera». Urangaren iritziz, oriotarren borondatearen adibide garbia da pasadizo hori.
Herrio Natur Taldeak egindako jostailu ekarpena ere aipatu dute GueraraOrio Elkarteko kideek. «Haur askoren irribarrea sorraraziko dute jostailu horiek».
Ikastetxeen lana
GueraraOriok jaso duen janariaren %80 herriko ikastetxeetan bildu dute, eta Miriam Uranga Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren iritziz, ikastetxeek egiten duten lana aitortu beharra dago.
Bi ikastetxeetako zuzendariek azaldu dutenez, janari bilketarekin batera Mendebaldeko sahararren egoeraren inguruko kontzientziazio kanpaina bat ere egiten dute ikasleen artean.
Zaragueta Herri Eskolan GueraraOrio Elkarteko kideak izan ziren, eta haima bat jarri zuten bertan. Gainera, ikasle sahararrak ere badituzte eskolan, eta bertako egoera lantzen dute ikasgelan. Orioko Herri Ikastolan, berriz, Saharautz Elkarteko kide Xabier Euzkitze izan da bisitan, eta Aljeriako kanpamenduetan bizi dute egoera azaldu die ikaleei. Gainera, udan haur sahararrak familietan hartzearen esperientzia kontatu du.
Erantzun bikaina
Orion bezala Getarian, Zarautzen eta Zumaian ere egin dituzte Mendebaldeko Sahararen aldeko janari bilketak.
Saharautz Elkarteak, esaterako, Zarautzen eta Getarian 3.966 kilo janari eta konpresa bildu ditu.
Zumaiako Darahli Elkarteak aurten 2.800 kilo bildu ditu Zumaian. Gainera, 21 eguzki plaka ere bidaliko ditu elkarteak behar gehien duten familientzat.