Abian da 'Orio 2030' prozesua

Urola Kostako Hitza 2015eko otsailaren 13a

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra landuko dute udalak eta herritarrek parte hartze prozesu baten bidez. Lehen fasean bost bilera izango dira, asteartean lehena.Oriotarrek datozen asteetan aukera izango dute adierazteko hirigintza eta azpiegitura arloan ...

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra landuko dute udalak eta herritarrek parte hartze prozesu baten bidez. Lehen fasean bost bilera izango dira, asteartean lehena.

Oriotarrek datozen asteetan aukera izango dute adierazteko hirigintza eta azpiegitura arloan etorkizuneko Orio nolakoa izatea nahi duten. Izan ere, Orioko Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria lantzen ari da, eta herritarren iritzia jasotzeko Orio 2030 parte hartze prozesua abiatu du. Udalbatza osatzen duten udal taldeek adostu dute egitasmoaren dinamika, eta prozesu guztian zehar herritarren parte hartzea bermatu nahi dute.

Parte hartze prozesuaren lehen fasean bost bilera ireki egingo dituzte Kultur Etxean, asteartean hasita. Ahalik eta jende gehienak horietan parte hartzea nahi du udalak: «Ez dira izango adituentzako bilerak. Edozein herritarrentzako modukoak izango dira. Oriotar guztiek izango dute iritzia emateko aukera».

Parte hartze prozesuan Santi Peñalba eta Manu Arruabarrena arkitektoek eta Mikel Iriondo abokatuak landu duten Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerapen dokumentuaren inguruan hausnartuko dute oriotarrek. Bertan, herriaren eta herritarren azterketa egin eta herriko zenbait eremu hobetzeko eta herritarren biharko premiei erantzuteko zer egin daitekeen aztertu du talde teknikoak; ildo horretan, Dike, Palota, Mutiozabal, pilotalekua eta Aizperro eremuetarako hainbat proposamen egin dituzte,besteak beste. «Etxeetara bidali dugun aldizkaritxoan bost eremuen inguruan egindako proposamenak jaso ditugu, baina bileretan herri osoaz arituko gara. Bilera bakoitzean landuko den gaia zehaztuta badago ere, badakigu beste hainbat gai ere hizpide izango direla, eta herritarrek beren proposamenak egiteko aukera izango dute», azaldu du Beñat Solaberrieta alkateak. Ondoren udalak herritarren ekarpenak aztertuko ditu, eta «bidezkoak» badira, aurrerapen dokumentuan txertatuko ditu. «Izan ere, herriko hainbat eremu ez dira udalaren eskumenekoak, eta horiek ezin ditugu dokumentuan gehitu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide