'Orio 2030' parte-hartze prozesuaren bidez Orioko Plan Orokorra landuko dute herritarrek

Urola Kostako Hitza 2015eko otsailaren 10a

"Nolako Orio nahi duzu 2030. urtean?" galdetu die udalak herritarrei. (Iturria: Orioko Udala) Oriotarrek hirigintza eta azpiegitura arloan etorkizuneko Orio nolakoa izatea nahi duten erabakitzeko aukera izango dute datozen astetan. Izan ere, Orioko Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria lantzen ari da eta herritarren iritzia jasotzeko Orio 2030 parte-hartze prozesua abiatu du. Plan Orokorra osotasunean onartu arte hiru urte pasa daitezke eta prozesu guztian zehar herritarren parte-hartzea bermatu nahi du Orioko Udalak. Orio 2030 parte hartze prozesuaren lehen fasean bost bilera ireki egingo dira kultur etxean eta ahalik eta jende gehienak horietan parte hartzea nahi dute. "Ez dira izango adituentzat bilerak, edozein herritarrentzako modukoak baizik. Gaiarekin interesa duen edozeinek ulertu eta segitu ahal izango ditu azalpenak eta oriotar guztiek izango dute aukera iritzia emateko". Parte-hartze prozesuan Santi Peñalba eta Manu Arruabarrena arkitektoek eta Mikel Iriondo abokatuak landu duten Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerapen dokumentuaren inguruan hausnartuko dute herritarrek. Talde teknikoak herriko zenbait eremu hobetzeko eta herritarren biharko premiei erantzuteko zer egin daitekeen aztertu du; ildo horretan, Dike, Palotak, Mutiozabal, pilotalekua eta Aizperro eremuetarako hainbat proposamenak egin dituzte. Datozen egunetan herritarren txanda izango da, proposamenen inguruan gogoeta egin eta beren ekarpenak egiteko aukera izango dute. Parte-hartze prozesua datorren asteartean abiatuko badute ere, udalak aldizkaritxo bat banatu du herritarren artean eta bertan lehen bi saioetan landuko den informazioaren laburpena egin dute. 'Orio 2013' parte-hartze prozesuaren egitaraua - Otsailaren 17a, asteartea, 20:00etan planaren azalpen orokorra emango dute. - Otsailaren 24a, asteartea, 20:00etan planaren azalpena egingo dute eremuz eremu. - Martxoaren 3a, asteartea, 20:00etan mugikortasuna gaia landuko dute. - Martxoaren 10a, asteartea, 20:00etan dotazioak eta espazio libreak gaia landuko dute. - Martxoaren 12a, osteguna, 20:00etan natur baliabideak eta lurzoru urbanizaezina gaia landuko dute. Hurrengo urratsak Herritarrek egindako proposamenak esku artean dituenean horiei buruzko erabakiak hartuko ditu Orioko Udalak eta lehen onarpeneko dokumentua onartuko dute udal taldeek udalbatzarrean. Ondoren, alde batetik jendaurrean jarriko dute herritarrek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten eta bestetik, eskumena duten erakunde publikoei bidaliko zaie, dagozkien txostenak egin ditzaten.  Gero, behin-behineko dokumentua onartuko du udalbatzak eta jarraian Eusko Jaurlaritzak aztertu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu beharko du; azken honek emango dio azken onarpena.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide