Surf munduan aitzindaria

Urola Kostako Hitza 2015eko otsailaren 6a

Surfa herriko gazteen eskura jarri nahi izan zuen 70eko hamarkadan Patxi Oliden Danbolin oriotarrak. Euskal Herrian eta Espainian oraindik surf oholak egiten ez ziren garaian, Danbolin izan zen aintzindaria. Tarteka Frantziatik Oriora surfa egitera etortzen ziren gazteen surf oholetan oinarrituta hasi zen lanean, eta oholen prezioa merketzea eta herriko gazte guztiei surfa egiteko aukera ematea zuen helburu. Danbolinek egindako lanak harrituta utzi zuen Patrick Trefz argazkilari eta errealizadore alemaniarra, eta esperientzia hori jaso du Surfers’ blood film dokumentalean. Bertan, munduko surf komunitate desberdinen inguruan sakondu nahi du Trefzek, surfa pasioa eta bizitzeko modua bezala ulertuz. Euskal surf komunitatea izango da filmak jasoko duen komunitateetako bat, eta bertako surf ondarea jasotzeko urtarrilean bi aste egin zituen Trefzek Euskal Herrian, eta egun bat igaro zuen Orion. Danbolinen tailerrean izan zen zuzendari alemaniarra, Mikel Agote eta Iñigo Gaiton oriotarrekin eta Donostiako Surfilm Festibaleko zuzendari Sancho Rodriguezekin batera. «Oso ondo atera zen grabazioa. Patxi Danbolinek 92 urte baditu ere osasunez ondo dago, burua oso argia du, eta oso ondo eman zituen azalpen guztiak», azaldu du Mikel Agote oriotarrak. Agotek berak ere dokumentalaren grabazioan parte hartu du. «Danbolinek nire gurasoen etxe azpian izan du beti tailerra, eta nik egun surf munduan lan egiten dudanez, Trefzek dokumentalean elkartu gaitu Danbolinen surf oholgintzaz hitz egiteko». Danbolin 1968an hasi zen surf oholak egiten, 50 urte inguru zituela. Surfa egiteko aukerarik izan ez bazuen ere, asko gustatzen zaio kirola, eta herritar xumeen eskura jarri nahi izan zuen. «Gizon handia da Patxi Danbolin. Esku ona zuen, eta mekanikaz ere asko zekin. Surfeko oholak egitea arrotza zen garaian, zekienarekin surfeko oholak egitea lortu zuen. Ez zen kikiltzen, etengabe ikasten eta hobetzen joan zen bere helburua lortu arte», azaldu du Agotek. Olidenen tailerraz gain, Trefzek Ur-lan tailerra, Mutiozabal ontziola eta Izaitz baserriko dolarea ere bisitatu zituen bertako ondarea jasotzeko. Surfers’ Blood, argazki bildumatik filmera ibilbidea Patrick Trefzek Surfers’ Blood argazki bilduma argitaratu zuen 2012an. Bertan, argazkilariak munduan zeharreko surf argazki esanguratsuenak bildu zituen, tartean Patxi Oliden Danbolin-i ateratako erretratoa. Alemaniarra harrituta geratu zuen Danbolinek egin zuen lanarekin, eta Donostiako Surfilm Festibalera etorri zen batean Oriora gerturatu zen Oliden ezagutzera. Trefz Surfers’ Blood liburuan oinarrituta film dokumentala egiten ari da orain, eta bertan izango da Patxi Oliden Danbolin ere. Dokumentalaren narrazio lanak Sean Penn aktore ezagunak egingo ditu, eta filmaren atal bat Francis Ford Coppola zinema zuzendariari eskainiko diote, surfarekin erlazio estua baitu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide