Orioko Udalak plazan komun publikoak jartzeko proiektu zirriborroa egin du

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko abenduaren 17a

Orioko Udala herriko plazan komun publikoak egiteko beharraz ohartu da, eta proiektuaren zirriborro bat egin du. Beñat Solaberrieta alkateak eman ditu proposamenaren arrazoiak: «Herriko plaza asteburuetan oinezkoentzat egokitu dugu herritarren bilgune izan dadin, baina komunera joateko aukerarik ez dago bertan. Gainera, adineko herritar batek baino gehiagok adierazi digu plazan komun publikoen beharra dagoela». Bi lokal ditu udalak plazako igogailuaren tunelean, eta uste dute hori toki aproposa izan daitekeela. Udaleko teknikariek bi aukera aztertu dituzte; egokiena aukeratu eta planoa eta aurrekontua osatu dituzte. Alkateak zehaztu duenez, «10.000 euro inguruko kostua» izango du proiektuak. Izan ere, komun «normalak» izango dira. Automatikoki garbitzen direnak jartzeko aukera ere aztertu dute, baina 25.000 euro ingurukoa litzateke kostua kasu horretan. 2015erako proposamena Udalaren asmoa komun publikoen proiektua 2015eko aurrekontuetan txertatzea da. «Dena dela, oraindik Obra eta Zerbitzu batzordean aztertu behar dugu gaia udalbatza osatzen dugun udal taldeok, eta bertan onartzen bada diru partida ezarri eta 2015eko aurrekontuetan txertatuko dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide