Orioko IV. Herri Lasteketa, gaur arratsaldean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko abenduaren 10a

2012ko Orioko Herri Lasterketa. (Egilea: Aiora Larrañaga) Larunbat arratsalderako Orioko Herri Lasterketa antolatu dute adin guztietako herritarrak korrika jartzeko helburuarekin. Behobia-Donostia lasterketa pasata, pil-pilean da kros eta lasterketa denboraldia; pasa den asteburuan, esaterako, 717 bikotek parte hartu zuten Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketan. Korrika lasterketek Euskal Herrian duten arrakasta ikusita, aurtengoan ere Orioko Herri Ikastolak ez du hutsik egin, eta Orioko IV. Herri Lasterketa antolatu du. Aurten berrikuntza bezala haurrentzat lasterketa ere antolatu du Orioko Herri Ikastolak, adin guztietako herritarrek elkarrekin kirola egiteko aukera izan dezaten. Haurren saioa 15:45ean hasiko da, eta adinaren arabera zehaztu dute antolatzaileek gazteek egin beharreko distantzia. 2003-2004 urte bitartean jaiotakoek 1.000 metroko distantzia osatu beharko dute, 2005-2006 urteetan jaiotakoek 600 metroko ibilbidea izango dute aurretik, eta 2007-2008 urteetan jaiotakoek 300 metroko saioa egingo dute. Aurreko urteetan bezala, hainbat korrikalari motaren mailara moldatutako ibilbidea diseinatu dute antolatzaileek helduentzat, eta horregatik, bi ibilbide zehaztu dituzte. Alde batetik, 7 kilometroko ibilbidea egongo da eta, bestetik, 14 kilometrotakoa. Lasterketak bi ibilbide izango baditu ere, parte-hartzaile guztiak denak batera irtengo dira 16:30ean Ikastola aurretik. Ibai ondotik barrena osatu beharko dute ibilbidea guztiek. Izena ematea zabalik Orioko Herri Lasterketan helduen mailan parte hartu nahi dutenek zabalik dute izena emateko epea bihar gaueko 23:00ak bitartean. Hurrengo webgunean inskribatu daitezke korrikalariak: http://www.kirolprobak.com helbidean. Parte-hartzaile bakoitzak osatuko duen ibilbidearen arabera ordaindu beharko du inskripzioa. 7 kilometroko ibilbidea osatuko dutenen artean norbere txip horia dutenek 11 euro ordaindu beharko dute, eta txipik ez dutenek, berriz, 12 euro. 14 kilometroko lasterketa egin ahal izateko txipik ez dutenek 13 euro ordainduko dituzte, eta norbere txip horia dutenek, 12 euro. Haurren lasterketan, berriz, izena ematea doakoa izango da, eta kirol proban parte hartu nahi duten gaztetxoek lasterketa egunean bertan 14:30etik 15:30era eman beharko dute izena irteera puntuan. Laskerketaren inguruko informazio gehiago aurki daiteke Orioko Herri Ikastolaren webgunean: oriokoherrilasterketa@gmail.com helbidean, hain zuzen.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide