Orioko Txakurkros Solidarioak kalean utzitako txakurrentzat dirua biltzea du helburu

Urola Kostako Hitza 2014ko azaroaren 28a

  Txakurkroseko parte-hartzaileak ibilbidea osatzen. (Egilea: Aritz Mutiozabal) Igandean 11:00etan emango diote hasiera Orioko Txakurkros Solidarioari. Orioko Katu Horia Albaitaritza Klinikak eta Txikas de Etxauri elkarteak antolatuko dute lasterketa Orioko Udalaren eta beste hainbat erakunderen laguntzarekin. Hondartzan abiatuko dute lasterketa, parte-hartzaileak Itxaspera igoko dira, handik Kukuarrira joango dira, nekazalturismora jaitsi eta hondartzan amaituko dute 8,5 kilometrotako ibilbidea. Bertan parte hartu nahi dutenek www.herrikrossa.com helbidean edo egunean bertan 09:00etatik aurrera lasterketa gunean eman dezakete izena. Federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek 18 euro. Lasterketako izen-ematetik eta lasterketa amaitutakoan salduko dituzten pintxo begetarianoetatik lortutako dirua Txikas de Etxauri elkartearentzat izango da; jabeek alde batera utzi dituzten txakurrak zaindu eta adopzioan eman ditzaten. Antolatzaileek gogorarazi dute txakurkrosa txakurren kirola dela eta ez korrikalariena. Izan ere, txakurrak beti korrikalariaren aurretik joan behar izaten du eta lasterkariren bat txakurrari tiraka badoa zigorra izango du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide