Orioko Curriculuma aurkeztu dute Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko azaroaren 26a

Orioko Curriculuma Sortzen Elkarteak bere proiektua aurkeztu zuen pasa den astean Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen aurrean. Ruben Iglesias eta Xabier Gaiton taldeko kideak izan ziren Gasteizen, eta Legebiltzarra osatzen duten alderdietako ordezkariekin bildu ziren, Orioko Curriculuma proiektuaren nondik norakoak azaltzeko. Orioko Udalaren izenean Kultura batzordeko buru Jon Agirresarobe eta Euskara teknikari Jabier Zabaleta ere bertan izan ziren, elkarteko kideei babesa ematen. Oro har «gustura» geratu ziren egin zieten harrerarekin. Proiektua aurkezteko, lehenik eta behin  2013ko udaberrian elkarteak prestatutako aurkezpen ikus-entzunezkoa proiektatu zuten, Orioko testuingurua azaltzeko. Ondoren, azken bi ikasturteetan egindako lana azaldu zuten. Eta, bukatzeko, oriotarrek hainbat eskaera egin zizkioten Eusko Jaurlaritzari. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak Orioko Curriculuma moduko herri ekimenak aintzat hartu eta babestu ditzala eskatu zuten; «euren garapenean lagundu eta trabarik jarri gabe, horiek Eusko Curriculumaren aplikazioan tokian tokiko ekarpenak baitira». Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak esku artean duen Heziberri proiektuaren inguruan eztabaida prozesu bat zabal dezala eskatu zioten, hala kultura eragileek eta herritarrek proposamenak egin ditzaten berau osatzen laguntzeko. Horretaz gain, LOMCE legeari «guztiz izkin» egiteko eskatu zion Orioko Curriculuma Sortzen Elkarteak Eusko Jaurlaritzari. Harrera ona oro har Oriotarren proiektuak oro har harrera ona izan zuen Hezkuntza Batzordeko kideen artean. «Hezkuntza Batzordean ideologia desberdinetako lagunak biltzen badira ere, eta ñabardunak ñabardura, denek aberasgarritzat jo zuten Orion egiten ari garen lana», azaldu du elkarteko kide Iñigo Gaitonek. Orioko elkartea pixkanaka bere lana ezagutzera ematen ari da. Durangon izan ziren duela ez asko, eta Oñatin izango dute hurrengo hitzordua. Izan ere, Gaitonen iritziz, «hezkuntzaren egoerak Euskal Herriko herritarren artean ezinegona sortu du, eta gero eta herri ekimen gehiago jarri dira martxan gurearen moduko proiektuak sortzeko. Guretzat oso pozgarria da gure proiektua eredu izatea hasiberri direnentzat».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide