Arrakasta izan zuen iazko Jostailu Truke Azokak. (Egilea: Herrio Natur Taldea)
Gabonak iristear dira eta oriotarrek garai horretan gertatzen den gehiegizko kontsumoaren inguruan hausnartu dezaten elkartrukea eta berrerabilpena sustatzeko Jostailu Truke Azoka antolatu du Herrio Natur Taldeak abenduaren 14rako. Azoka egin ahal izateko jostailu bilketa egingo dute eta beren jostailuak eramaten dituzten haurrek koloretako txartel bat jasoko dute, azoka egunean beste jostailu batengatik trukatu dezaten. Jostailuak egoera onean izan beharko dute, norberari hartzea gustatuko litzaioken moduan.
Herrioko kideek biltzen dituzten jostailu guztiak abenduaren 14ean goizean ikusgai jarriko dituzte 10:30etik 15:00etara plazan eta haurrek gustukoena aukeratzea izango dute. Eguraldi txarra egiten badu frontoian jarriko dute postua. Gainera, egunean bertan azokara hurbiltzen direnek ere egun horretan etxetik ekartzen dituzuen jostailuak azokan ikusgai jarritakoekin trukatzeko aukera izango dute. Amaitutakoan inork eraman ez dituen jostailuak irabazi asmorik gabeko erakunde batera bideratuko dituzte.
JOSTAILU BILKETA
Azaroaren 27an, ostegunean, 16:30etik 17:30era Ikastolan.
Azaroaren 28an, ostiralean, 16:00etatik 17:00etara Zaragueta Herri Eskolan.
Abenduaren 12an, ostiralean, 17:00etatik 19:00etara Kosta Tailerrean.