Orion, Gure Bazterrak biraka hasi da

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko aza. 14a, 05:21

[caption id="attachment_116494" align="aligncenter" width="300"]Eñaut Marti eta Maider Villaverde Gure Bazterrak musika jaialdiaren antolatzaileak (Aiora Larrañaga/Hitza). Eñaut Marti eta Maider Villaverde Gure Bazterrak musika jaialdiaren antolatzaileak (Aiora Larrañaga/Hitza).[/caption] Euskal musika eta musika taldeak Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzeko asmoz sortu dute Gure Bazterrak proiektua. Euskal Herriko musikari «buelta bat» eman eta oraindik ezagutzen ez dituzten bide berriak jorratuz musikaren mundua hobetu nahi dute. Azaroaren 29an Orioko Karela kiroldegian egingo duten Gure Bazterrak 2014 Jaialdia izango da ibilbideko lehen hazia. Euskal Herriko bost talde igoko dira oholtza gainera, eta hainbat estilo bilduko dituzte bertan. «Grises eta John Berkhout erreferenteak dira musika alternatiboko eszenan, eta horregatik aukeratu ditugu. Bestetik, giro horretan aritzen den herriko talde bat ere nahi genuen, eta Giranice-k joko du jaialdian». Horretaz gain, Skasti talde zarauztarra eta Mobydick ere igoko dira oholtza gainera. «Azken horrek jaialdiari falta zitzaion folk ukitua emango diola uste dugu», azaldu du Eñaut Marti antolatzaile oriotarrak. Gure Bazterrak jaialdira bertatzen direnek «esperientzia atsegina» bizitzea da Eñaut Marti eta Maider Villaverde Gure Bazterrak proiektuko kideen helburua. «Ez dago musika taldeak eta horien abestiak ezagutu beharrik kontzertuetan sortzen den giroaz gozatzeko. Uste horrekin hautsi nahi dugu, eta ziur gaude etortzen diren guztiek ondo pasako dutela», animatu du Villaverdek jaialdian parte hartzera. Musikaz gizartea aldatuz Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailetasuna eta Berrikuntza gradutik sortu da Gure Bazterrak proiektua. Benito Lertxundi abeslari oriotarraren manager taldeak Txinan eta Indian barrena bidaia luzea egin zuen denboran, beren lekukoa hartu zuten Eñaut Marti eta Gratxina Lertxundi ikasle oriotarrek. «Hortik sortu zitzaigun unibertsitatean proiektu bezala musika oinarri duen egitasmoa garatzeko grina», azaldu du Martik. Dena dela, proiektua aurrera eramatea ezinezkoa izango zatekeen ekintzaileek musikarenganako duten pasiorik gabe. Martiren esanetan, musika ulertzeko modua zabaldu diote «zortzi urterekin gitarra jotzen hasteak, estilo desberdinetako musikarekin egindako elkarlanek edo gaztetxetan eta beste hainbat eskenatokitan emandako kontzertuek». «Gure helburua da balioa erantsiz gizartea aldatzea. Musikatik abiatuta nola lortu dezakegu hori? galdetu genion geure buruari. Kontzertuekin, esaterako, esperientzia aberasgarriak sortu ditzazkegu, baina denbora tarte jakin batean soilik eragin dezakegu». Horregatik, kontzertuez haratago gizartea musikaren bidez hobetzeko lanean dihardute bi gazteek. Bi arlo jorratzen ditu proiektuak. Alde batetik, musikarien eta musika taldeen lana zabaltzeko aholkularitza lana eskaintzen dute. «Gazteak gara, eta mundu honetan oso zaila da musikarien konfiantza lortzea. Horregatik, lan karga osoa hartu beharrean, ideia berritzaileak ematen saiatzen gara». Bestetik, musikaren inguruko hausnarketa egin eta musika beste arlo batzuekin ere uztartu nahi dute. «Ideia asko ditugu buruan, musika instrumentalaren ziklo bat antolatzea, musika eta gastronomia uztartzea eta haurren sormena musikaren bitartez lantzeko tailerrak antolatzea, besteak beste. Oraindik, ordea, ideia hutsak dira». Beraz, Gure Bazterrak proiektua ez da hilaren 29ko jaialdian amaituko, «ideiak errealitate egin eta beste mila ekimen» antolatzeko gogoz baitaude antolatzaileak. «Jaialdia inflexio puntua izango da, eta behin balorazioa egindakoan, zein norabide hartu hausnartu beharko dugu». Dena dela, emaitzarekin ez direla itsutuko argi dute gazteek. 800 lagun ingururentzat tokia dago kiroldegian, eta aretoa betetzea gustatuko litzaieke. Hala ere, ikusle kopuruaz haratago musikariak eta bertaratzen direnak «gustura sentituko diren maitasun atmosfera» sortzen badute, arrakastatsua izango dela uste dute. Martinek proiektua gurpil bat bezala ulertzen du; «aurrera doa. Argi izan behar dugu jaialdia ibilbide baten hasiera izan daitekeela, baina inoiz ez munduaren bukaera».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide