Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean 18:00etan abiatuko dute Fashion Week desfilea Orion, eta bertan parte hartuko duten Orioko Arkupe Elkarteko 10 saltokiak azken lanak amaitzen ari dira. Dena prest dute datorren aste osoan moda protagonista izango duen egitasmoari hasiera emateko. Iaz desfileak izan zuen «arrakasta» ikusita, ez dute zalantzarik izan, eta aurten ere errepikatzea erabaki dute.
Desfileko sarrerak salgai dituzte Arkupe Elkarteko saltokietan, bi euroren truke. Sarrera bakoitzak zenbaki bat du, eta zenbaki horrek balioko du desfilean bertan egingo diren hainbat zozketetan parte hartzeko. Beraz, herritarrentzat sariak ere izango dira. «Desfilean parte hartzen dugun saltokiez gain, Arkupe Elkarteko beste kide askoren produktuak ere zozkatuko ditugu», azaldu du Iosune Aranberri Noah’s Secret dendakoak. Gainera, desfilera bertaratzen direnei eskuorri bat banatuko diete, eta bertan astean zehar saltoki bakoitzak izango dituen eskaintzak edo ekimenak zehaztuta izango dituzte.
Desfilea arropa erakusleiho soil bat baino gehiago izango da, bertaratzen direnentzat «ongi pasatzeko ekitaldia» izatea nahi dutelako. Horregatik, saioa girotzeko hainbat ezusteko izango da desfilean zehar. Hasiera batean, desfile hitzak konnotazio serioa badu ere, Orioko desfilea «desberdina» dela nabarmendu dute antolatzaileek. «Herri girokoa da, eta bertaratzen direnek oso ondo pasako dute». Izan ere, Ardatza arropa dendako Cristina Salsamendiren iritziz, «merkataritzak aisialdiarekin estuki lotuta egon behar du», eta horretan saiatuko dira etzi.
Elkarlana giltza
Iazko desfilearekin alderatuz, etziko jaiak desberdintasun nabarmena izango du: kokalekua. Iaz Arraun Etxean antolatu zuten desfilea, eta gehienez 300 lagunentzat tokia zegoen bertan. «Oriotar asko desfilea ikustera joateko gogoz geratu ziren. Desfilatzen dutenak ez dira profesionalak, oriotarrak dira, eta beren familiakoek eta lagunek ere desfilea ikusi nahi izaten dute. Arraun Etxean ez zegoen tokirik denentzat, eta asko penetan gelditu ziren bertan izaterik izan ez zutelako». Berriz hori gertatu ez dadin, larunbatean Karela Kiroldegian izango da desfilea, eta antolatzaileek azaldu dute mila lagun ingururentzat tokia egongo dela bertan.
Ikusle kopurua mugatua izan bazen ere, antolatzaileentzat iaz «oso ondo» atera zen desfilea, eta aurten ere horrela izatea nahi dute. «Herri harrotasuna sentitu genuen denok. Orio herri txikia bada ere, moda arloan aukera zabala eta kalitatezko eskaintza dagoela ohartu zen jende asko, eta hori oso pozgarria da», azaldu du Salsamendik. Desfilea herritarrak herriko merkataritzara erakartzeko eta fidelizatzeko modua dela uste dute Arkupeko kideek. «Pixkanaka egindako lanak emaitzak emango ditu. Guk oriotarrek beren erosketak herrian egitea nahi dugu, merkatal gune handi batean bezala, herrian ere denetarik aurkitu dezaketela ikustea». Hala, Arkupeko kideen iritziz oso garrantzitsua da herriko merkatariek bat egin eta elkarlanean jarduerak antolatzea. «Bakoitza bere aldetik joango balitz ez genukeen honelako ekitaldirik antolatzerik izango. Elkarlana aberastasuna da».