Herrio Natur Taldeak eta Itsas Enara ornitologia elkarteak aurkeztutako mozioa atzera bota du Udalak azken ohiko bilkuran eta Motondo ez da momentuz ehiza babesleku izango. Hala erabaki du Orioko Udalbatzarrak Bilduren aldeko 5 botorekin eta EAJren eta Orainen kontrako 6 botorekin. Mozio honen helburuak Motondoko gunea «babestea eta berreskuratzea» dira, eremuaren balio ekologikoa mantentzeko, babestutako espezieak babesteko, ehizaren legea betetzeko eta herritarrei segurtasuna bermatzeko, besteak beste. EAJko zinegotziak ordea, kontran agertu dira. Eremua babestu nahi dutela onartu arren, «eragile guztiekin» landu nahi duten gaia dela esan dute; «ehiztariak barne».
