Getariako eta Orioko arrantzontzi ia denak Galizia parean dabiltza; asteartean han zeuden, eta baita atzo ere. Hegaluzearen eta hegalaburraren kanpaina egiten ari dira uztailetik, baina «eskasa» izaten ari dela diote arrantza sektorekoek. «Hegaluzetan oso gaizki gabiltza», iritzi dio Xanti Peiro Orioko Arrantzaleen Kofradiako presidenteak. Bizkaiko Golkoa oso eskas dago: «Hegaluzearen kanpaina hurrengo hilaren erdira aldera artekoa da berez, baina itxura onik ez du, eta lehenago utzi beharko dugu», pentsatzen du.
[caption id="attachment_108329" align="aligncenter" width="300"]

Hegaluzea, atzo eguerdian Getariako kofradian (Aritz Mutiozabal/Hitza)[/caption]
Galizian hegaluzea lehorreratu eta kamioietan Getariara ekartzen ari dira. «Egun asko itsasoan badaramazkite bi portualdi egiten saiatzen dira, eta orain bai Galizian edo Kantabrian arraina lehorreratu eta kamioietan ekartzen ari dira», esan du Josu Ezenarro Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradiako idazkariak.
Atzo eguerdirako ekarri zituzten Getariara Orioko Montserrat arrantzontziak arrantzatutakoak errepidez. Kofradian egin zuten enkantea, kiloa 3,90 euro inguruan salduz.
Hegaluzearen prezioa lonjan mantentzen ari dela dio Getariako Irizabal Arrainak enpresako Mariano Larrazabalek. Enkantearen aurretik hala zioen: «Orain arte 4 - 4,5 euro artean ibili da hegaluzearen kiloa lonjan, eta orain ere 4 euroren bueltan ibiliko da». Larrazabal getariarrak 40 urtetik gora daramatza arraina erosten, baina aurretik itsasoan ibilitakoa da, 11 urte inguru zituela hasi zen.
Gaurko, berriz, besteak beste Getariako Agustin Deuna eta Piedad arrantzontziek lehorreratutako arraina ekartzea espero dute Getariako portuan.
Bizkaiko Golkoan eskas
Aurten Bizkaiko Golkoan hegaluzerik ez dela sartu diote arrantza sektorekoek, Larrazabalen arabera: «Gutxi sartu da, eta gutxi harrapatu da Bizkaiko Golkoan, gehiena Irlandan arrantzatuta ekarri dute». Horren arrazoia zein den ez dakite, Ezenarrok dioenez: «Ez dakigu zergatik ez den sartu hegaluzerik Bizkaiko Golkoan, zientzialariek ere ez dakite. Pentsatzen dugu hainbat faktore izango direla, baina hortik aparte nahiko zalantza. Aurten kantitateak oso txikiak izan dira, eta oso urruti harrapatu da hegaluzea, Irlandako mendebaldean».
Orain Galiziako puntan dabiltza, garai honetan han beti izaten delako hegaluze pixka bat, Ezenarrok dioenez. Horren araberakoa izango da kanpainaren bukaera: «Ikusi beharko dugu nolako joera duen aurten hegaluze horrek, arraina badago ontziek pixka bat segitu egingo dute. Baina, gutxi badago hegaluzea arrantzatzetik gelditu eta sardina harrapatzen hasiko dira».
Udazkenekoa, sardina
Udazkeneko kanpaina, abendura artekoa, txitxarroarena eta sardinarena izaten dute Getariako eta Orioko arrantzaleek. Pelagiko handiak, tunidoak eta pelagiko txikiak (antxoa, sardina, berdela eta txitxarroa, besteak beste) arrantzatzen dituzte Getariako portuan arraina lehorreratzen duten ontziek. Tradizioz balore handia izan ez duten arrainen kanpainak gero eta indar handiagoa hartzen ari dira Ezenarrozen esanetan: «Tradizioz, antxoaren kostera udaberrian eta hegaluzearen kanpaina (uztailaren hasieratik urrira artean) izan dira garrantzitsuenak euskal arrantzaleentzako. Baina, berdelaren (martxotik apirilaren erdira) eta sardinaren kanpainak (udazkenean) indartzen ari dira».
Berdelarena «hobexeagoa»
Berdelaren aurtengo kanpaina iazkoa baino zertxobait hobea izan zela diote, baina hala ere ez daude konforme. «Berdelaren kuota behin ere ez da nahikoa. Beti espero da kilo gehiago harrapatzea eta prezio hobean saltzea», esan du Ezenarrok.
Berdelarekin aurten «gorabeherak» izan dituzte Getariako kofradiako idazkariak dioenez: «Zortez, aurten Espainiako berdelaren kuota zertxobait handitu dute, eta hori probintzia desberdinen artean banatu dute, historikoki berdelaren arrantza kontuan hartuta». Banaketa horretan Gipuzkoako arrantzaleak ez ziren gaizki gelditu, «guk historikoki berdelaren arrantza handiak izan ditugulako».
Irizabal Arrainak enpresakoaren ustez, berdelaren kupoa «miseria bat» da: «Berdelaren kanpaina oso garrantzitsua da, eta nahikoa arrain edukita jartzen duten kupoa txikia da; bapore bakoitzak 35.000 kilo arrantzatzeko aukera bakarrik du».
Ezenarroren esanetan, berdelaren kasuan ez da arrain faltarena arazoa, «arraina badago itsasoan, baina kupoa da arazoa. Europako %5 bakarrik dauka Espainiak, eta kostaldean berdeletik bizi den asko dago, arrantza mota desberdina egiten baita, eta denentzako kupo hori oso eskasa da».
Kostera irekitzearekin haserre
Kupoak antxoaren kasuan ere nahikoa gorabehera sortzen ditu. Haserre dira euskal arrantzaleak Espainiako Gobernuak antxoa kostera zabaltzeko hartu duen alde bakarreko erabakiarekin. «Antxoaren kostera udaberrian da, eta orain kostera zabaltzeak datorren udaberrian eragin dezake», azaldu du Peirok.
Madrilek orain 2.000 tona antxoa arrantzatzeko baimena eman du, Orioko kofradiako presidentearen ustez, «Galiziako administrazioak egindako presioagatik» hartu du erabakia Espainiako Gobernuak: «Gobernuak bere kabuz hartu du erabakia, arrantzaleon federazioen arteko akordioak kontuan hartu gabe. Guk lanerako erabaki batzuk hartzen ditugu, baina ez diote jaramonik egin». Irizabal Arrainak enpresakoak ere ez daude ados Madrilgo Gobernuaren erabakiarekin. «Gero, udaberrian, kilo horiek faltako dira».
Larrazabalek dioenez, urtearen bigarren seihilekoan antxoa kupoaren %10 arrantzatzeko aukera dute arrantzaleek. «Dagoeneko kantitate hori arrantzatu da, baina orain Galiziakoek beste hainbeste arrantzatzeko aukera eskatu eta eman egin diete».
Akordioak ez direlako errespetatu haserre daude Getariako kofradian ere. «Orain harrapatzen badugu, gero faltako dugu, teorikoki datorren urteko kupotik murriztuko digutelako. Bestalde, formak ez dira egokiak izan, denon artean hartutako akordioak alde batera utzi, eta galiziarrak euren kabuz Madrilera joan dira eskatzera eta lortu egin dute».
Kostera naturala udaberrikoa
Getariako eta Orioko arrantzaleek antxoaren kostera naturala udaberrikoa dela defendatzen dute. Ezenarroren arabera, «gure kostaldera udaberrian dator antxoa arrautzak jartzera. Gantz gutxiago izaten du orduan: jateko zapore hobea izaten du eta kontserbarako hobea da». Kosteratik kanpokoa, ordea, jateko zakarragoa eta kontserbarako ez da egokia.
Antxoa harrapatzea urte batzutan galarazita eduki zuten. Ondorioz, merkatua galdu egin zuten eta berreskuratzea «kostatu» egin zaie: «Orain, badirudi berriro merkatua bereganatzen ari garela». Tradizioz antxoaren kostera oso garrantzitsua da Getarian.