Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
http://youtu.be/_MBX_nl6ZCQ
http://youtu.be/_MBX_nl6ZCQ
Kilometroak 2014 jaiaren aitzakian, KMK 2014 Kirol Erronka jokatu dute gaur goizean Orion, eta etxeko taldea izan da nagusi. Emozioak azken momenturaino iraun du, laugarren eta azken proban –korrikakoan, alegia– erabaki delako erronkaren irabazlea. Orio, Tolosa, Usurbil eta Zarauzko goi mailako kirolariak elkarren aurka lehiatu dira taldeetan banatuta, 10:00etatik aurrera.
Igeriketako eta bizikletako proban Tolosa nagusitu da; hurrenez hurren, Maider Gaztañagaren eta Abraham Olanoren erakustaldiekin. Oriotarrek ez dute hasiera ona egin; batez ere, Adriana Campoy igerilariak uste baino lehen eman duelako lehen luzeko itzulia eta horrek denbora galtzea ekarri diolako. Hala ere, arrauneko eta korrikako probetan jaun eta jabe izan dira, Iñigo Mujika arraunlariaren eta Hossain Kaanache korrikalariaren lanei esker, eta Tolosarekiko aldea murrizteaz gain, menderatzea lortu dute. Azkenean, 26 segundo eskaseko aldea atera dio Oriok Tolosari sailkapen orokorrean; hirugarren eta laugarren posturako lehian, Usurbil nagusitu zaio Zarautzen, hiru segundoren aldearekin.
Giro oso ona izan da plazan, herritar ugari bertaratu baita lehia ikustera eta animatzera. Ikusleak gustura agertu dira, baita antolatzaile eta parte hartzaileak ere. Bukaeran 2014ko Kilometroak jaian (urriaren 5ean) egingo den Erronkako jolasa egin dute lau herrietako ikastoletako ikasleek, kirolariekin batera. Hor ere oriotarrak izan dira garaile; bigarrena Usurbilgo Udarregi Ikastola; hirugarrena Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastola; eta laugarrenz Tolosako Laskorain Ikastola.
KIROL ERRONKAREN SAILKAPENA:
1. ORIO 36'37”
2. TOLOSA 37'03” (+26”)
3. USURBIL 38'18” (+1' 41”)
4. ZARAUTZ 38'21” (+1'44”)