Orioko itsas pasealekuko erdiko taberna kudeatzeko lehiaketa publiko bat deitu du Orioko Udalak. Horrela erabaki zuen otsailaren 17ko ezohiko udalbatzarrean.
Taberna horiek ustiatzeko lehiaketaren oinarrietan agertzen da hondartzako tabernen komunek izaera publikoa dutela, eta horrek eztabaida sortu zuen bi aldeen artean. Hondartzako tabernetako bateko arduradun Iñaki Makazagaren iritziz, esaterako, «komunen izaera publikoa hausnartu beharreko gaia da.
Komunak publikoak direnez atzeko atea irekita izan behar dugu, baina horrela oso zaila da tabernara nor sartzen den krontrolatzea». Azaldu zuen beraiek inori ez diotela galerazten komunetara joatea, baina «errespetua» eskatu zuen hainbat erabiltzaileren partetik. «Hondartzatik etortzen da jende asko eta komunetan gorputza garbitzen aritzen da; horrelakoetan atentzioa deitzen dugu, ez baitira horretarako».
Udaleko ordezkariek, beren aldetik, azaldu zuten komunak publikoak izanik, bertako erabilera erregulatzeko bidea aztertuko dutela.
Orioko hondartzako erdiko taberna ustiatzeko lehiaketa publikoa egingo du udalak (Aiora Larrañaga/Hitza)
Lehiaketa bidez esleituko duten tabernaren erabilerari dagokionez, 10 urteko kontratua eta urteko 17.700 euro (BEZ-a kanpo) ordaindu beharko ditu tabernaren ardura hartzen duenak. Udaletik zehaztu dutenez, hainbat berrikuntza ditu kontratuak betebeharrei dagokionez. Alde batetik, hizkuntza baldintza zehatzak bete beharko ditu eskatzaileak: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez eman beharko baita tabernan informazioa. Bestetik, hondakinen bilketari dagokionez papera, ontzi arinak, hondakin organikoa, beira eta olioa gaika bildu beharko ditu.
Gainera, udalak zehaztu du uztailean eta abuztuan egunero ireki behar dela taberna; martxotik ekainera bitartean, berriz, gutxienez hiru tabernetako batek irekita izan beharko ditu ateak, eta horretarako egutegia osatu beharko dute tabernetako arduradunek. Egutegia Turismo Bulegoan eta
www.oriora.com webgunean izango dute ikusgai herritarrek. Horretaz gain, tabernako komunak publikoak izango dira, eta horiek mantentzea tabernarien ardura izango da.
Orain arte taberna kudeatzen zuen Txuriya Beltz enpresak kontratua etetea erabaki du. Enpresak 37.430 euroko zorra zuen kitatzeke udalarakin; 7.000 euro hilabete honetan ordainduko ditu, eta gainontzeko 30.000 euroak hiru zatitan orainduko ditu, hiru urtetan banatuta. Kopuru horri legezko interesa aplikatuko zaio.