Txakolina izenak eztabaida sortu du azken urteetan txakolin ekoizleen artean. Azken egunetan gaiak hautsak harrotu ditu berriz, 2008an Eusko Jaurlaritzak Atxega Ardoak upategiari jarri zion 165.000 euroko isuna berretsi baitu Espainiako Auzitegi Gorenak. Getariako Txakolina jatorri izendapenetik kanpo egon eta etiketan txakolina izena erabiltzeagatik isuna jarri zion Eusko Jaurlaritzak Orioko Atxega upategiari 2008an.
Orioko ardogileek etiketa aldatu zuten, baina helegitea jarri zuten «txakolina izen generikoa» zela argudiatuta. Sei urte geroago, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak jarritako isuna, eta upategiak 4.000 euro ordaindu beharko ditu epaiketa kostuengatik. Atxega Ardoak upategiko arduradunek, ordea, argi adierazi dute isuna 2008an ordaindu zutela eta ikuskariek espedientea ireki zuten unetik txakolin izena erabiltzeari utzi ziotela.
Gaur egun Atxega Ardoak upategiak egiten duen ardo zuriak daraman etiketa ikus daiteke irudian (Aiora Larrañaga/Hitza)
Tradizioz eskualdeko baserri askotan ekoiztu izan da txakolina, eta 1990eko hamarkadan txakolinaren jatorri izendapenak sortu zirenetik, Getariako, Bizkaiako eta Arabako txakolina jatorri izendapenaren barruan dauden upategiek soilik erabili dezakete izen hori, Urola Kostan betitik ekoiztu den ardo mota horri horrela deitu izan bazaio ere.
«1970eko hamarkadan hasi ginen gu txakolina ekoizten. 1990eko hamarkadara arte ez zegoen txakolina izendapena erregulatzen zuen araudirik; txakolina zen edo ez esateko kontuan hartzen zena ardoak berak zituen ezaugarriak ziren», azaldu dute Atxega Ardoak upategiko arduradunek. Araudi berria ezarri zutenean, ordea, gorabehera ugari izan zituztela gogoratu dute. «Hasieran baldintza batzuk betetzea eskatu ziguten, upategiaren barruan bereizitako txakolindegia izatea, esaterako. Ondoren, [Jaurlaritzan] kontseilaria aldatzearekin batera, beste batzuk izan ziren baldintzak. Bilera ugari egin genituen Eusko Jaurlaritzan».
Nahasmas garai horretan, 2008ko udan, hain zuzen, ikuskatzaileak agertu ziren Orioko upategira, eta espediente bat ireki zieten. Atxegakoek beren iritzia eman diote HITZAri: «Guri Eusko Jaurlaritzatik inork ez zigun egun jakin batetik aurrera izena aldatu behar genuenik esan. Negoziatzen ari ginela etorri ziren ikuskatzaileak».
Jatorri izendapena defendatuz
Getariako Txakolina jatorri izendapenetik azaldu dutenez, ardoa erregulatzen duen legedia oso estua da. Euskal Herriko upategiek Europako, Espainiako, autonomia erkidegoko eta jatorri izendapeneko araudiak bete behar dituzte. «Europako araudiak 2000. urte inguruan txakolina aipamen tradizional bezala izendatu zuen, Europako beste hainbat ardo bezala». Ordutik txakolina izendapena erabiltzeko hainbat baldintza bete behar dituzte ardotegiek. Dena dela, Atxegari ireki zioten espedientea 2008koa dela gogorarazi du Getariako Txakolina jatorri izendapeneko idazkari Ruth Mozok, eta azpimarratu du egun Atxegak ez duela izendapen horrekin etiketatzen bere ardoa. «Gauzak asko aldatu dira azken urteetan, lan asko egin dugu izendapena defendatzeko, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako txakolina jatorri izendapenetik kanpo daudenek txakolin izena erabili ez dezaten». Mozoren esanetan, azken urteetako lanketaren eraginez, egun oso zaila da jatorri izendapenetik kanpo egonda txakolin izenarekin etiketatzen duten ardotegiak aurkitzea.