Orioko kirol azpiegiturek kudeatzaile berria dute urtearen hasieratik

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urtarrilaren 7a

Otsailaren amaieran inauguratu zuten Arraunetxea (Aiora Larrañaga/Hitza) Orioko Udalak 2014 urtea hastearekin batera herrian "kalitatezko kirol eskaintza" bermatzeko eta kirolariei eta herritarrei "ahal den zerbitzurik zabalena" eskaintzeko hainbat aldaketa egin ditu. Ildo horretan, 2013 urteko azken udalbatzarrean Orioko kirol azpiegituren kudeaketaren ardura Bpxport enpresari esleitu zion Orioko Udalak. Beraz, Karela Kiroldegiko Kirol zerbitzua, Arraunetxeko medikuntza, fisioterapia eta hipoxia zerbitzua eta Karela Kiroldegiko, Arraunetxeko, Mendibeltz futbol zelaiko eta pilotalekuko garbiketa eta mantenuaren ardura izango du aurrerantzean Bpxport enpresak. Langileak orain arteko berak izango dira, baina urtarrila "trantsizio hilabetea" izango dela uste dute eta erabiltzaileei "pazientzia" eskatu nahi diete. Esleipenaren helburua Orioko Udalak «inolako bideragarritasunik planik gabe egidako arraunerako makroeraikin berriari eta hamar urtetan inolako jarraipenik egin ez zaion kiroldegiari erantzuna ematea» izan da. Gainera, kirol azpiegituren gastuak optimizatu nahi izan ditu eta identifikatutako gabeziei erantzuna eman nahi izan die. Ildo horretan, "garbiketan eta mantenuan" arreta berezia jarri du udalak, Orioko kirol azpiegituren erabiltzaileek arlo horretan izan dituztelako kexa eta iradokizun nagusiak. Horrez gain, kirol azpiegiturak erabiltzen dituzten hainbat elkarterekin, Orioko Pilota Elkartearekin, OBB Sofbol Taldearekin eta Orioko Futbol Taldearekin hain zuzen ere, urte hasieran lankidetza hitzarmenak sinatzeko asmo du udalak. "Horrela, azpiegituren mantenua eta kudeaketa arautzeaz gain, idatzi gabeko baina elkarteek bere gain hartzen zituzten erantzukizunak kontutan hartu eta balorean jarri" nahi dituztela azaldu dute udaletik. Arraunetxeko zerbitzuez Arraunetxeko erabiltzaile nagusiak Orioko Arraun Elkarteko arraunlariak izango badira ere, bertako medikuntza zerbitzua eta fisioterapia zerbitzua irekiak izango dira. Udaletik jakinarazi dutenez, herriko kirol taldeek eta Karela Kiroldegiko bazkideek %15eko deskontua izango dute zerbitzu horietan. Horretaz gain, Arraunetxeko aisialdi zerbitzua Begi Bistan enpresaren esku dago urriatik eta euren asmoa oriotar guztiek arrauna eta piraguismoa egiteko aukera eskaintzea da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide