Orioko Curriculumean herriko 15 kantu adierazgarrienak biltzeko prozesua abiatu dute

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko abenduaren 20a

Haurrak santaeskean Mota askotako abestiak jaso nahi dituzte, gaur egungoak eta betidanik oriotarrek kantatu dituztenak. "Euskal kulturak belaundaldiz belaunaldi irauteko ezinbestekoa izan da ahozko transmisioa, eta bide horretan abestiek herriko pasarte, istorio eta kontuak jaso dituzte". Hori jakinda, Orioko Curriculuma Taldea Orioko kantutegia osatzen ari da. Imanol Urkizu musikariaren laguntzarekin, herrian errotuta dauden 21 abesti aukeratu dituzte, eta oriotarren ekarpenekin zerrenda osatu nahi dute. Sare sozialen bidez edo oriokocurriculuma@gmail.com helbidera idatzita jar daitezke herritarrak taldearekin harremanetan. «Ondoren, prozesu parte-hartzaile baten bidez herritarrek eta eragileek 15 abesti esanguratsuenak aukeratzea nahi dugu. Kantu horiek Orioko Curriculumean jasoko ditugu, eta gure helburu nagusia haurrek eta gazteek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzen dutenean gutxienez herriko abesti horiek ezagutzea da», azaldu du Iñigo Gaiton taldeko koordinatzaileak. Abestiak herriko izaeraren eta kulturaren adierazleak izan daitezen nahi du Orioko Curriculuma taldeak, eta horretarako «bilduma heterogenoa» osatu dutela adierazi du Gaitonek. «Mota askotako abestiak jaso nahi ditugu, gaur egungoak eta betidanik oriotarrek abestu dituztenak». Behin betiko aukeraketa egiten dutenean, abestien partiturak egokitua egingo dituzte, kantuak ikastetxeetan erakutsi ahal izateko, eta abestiaren testuingurua ere jasoko dute Orioko Curriculumean. «Abestiek izan dezaketen musika balioaz gain, herriko kantuek herriko kontuak transmititu izan dituzte, pertsonaien izenak eta anekdotak horien bitartez iritsi zaizkigu gaur egunera. Abestiak ez dira ezerezetik sortzen, normalean abestiek atzetik istorio edo gertakari bat izaten dute, eta kantuarekin batera hori ere jaso nahi dugu Orioko Curriculumean», zehaztu du Gaitonek. Arlotan banatutako lanketa Orioko Curriculuma taldea datu bilketa fasean murgilduta dago gaur egun. Lehen hilabeteetan taldea legeztatzeko beharrezkoak diren izapideak egiten aritu dira, eta orain musika, natur zientziak eta giza zientziak gaiak lantzen ari dira. «Arlo bakoitzeko lauzpabost aditurekin jarri gara harremanetan, eta taldetxo bakoitzari oinarrizko gida bat eman diogu, hainbat gairen inguruan hausnartu eta txosten bat idatz dezaten». Orioko Curriculuma taldea azken hilabeteetan sukaldeko lana egiten aritu da nagusiki, baina datorren urteko urtarriletik aurrera hilean behin herritarrei zuzendutako egitasmoren bat antolatzea da haren asmoa. Horrela, «oriotarrek Orioko Curriculuma taldea hezkuntzako eragile garrantzitsu» bezala ikustea lortu nahi dute. «Bi ikastetxe ditugu herrian, eta bakoitzak bere lana oso ondo egiten du. Zorionez, bien arteko harremana gero eta hobea da, gainera. Gure nahia hezkuntza herri ikuspegi lokaletik lantzea da, ikastetxeentzat lagungarria izango den materiala sortuz».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide