Espainiako Zerga Agentziak ohar bidez eman du atxiloketen berri. Euskal Herriko pertsona talde batek tabakoarekin trafikatu izan duela azaldu du oharrean, eta horretarako itsasontziak erabiltzen zituela. Polizia operazio bat abiatu zuten hilaren 5ean, eta atoiontzi bateko sei kideak atxilotu zituzten. Ondoren, aurreko astean beste hiru pertsona atxilotu zituzten Euskal Herrian, tartean Orion. Atxilotuen etxebizitzak ere erregistratu zituzten. Atoiontzia Menorcako hegoaldean zegoenean egin zituzten atxiloketak. Agentziaren arabera, 350.000 tabako pakete lehorreratu nahian ari ziren une horretan. 1,4 milioi eurotan baloratu dute merkantzia hori.
Iruzurraren Aurkako Europako Batasunaren Bulegoaren laguntza jaso du Espainiako Zerga Agentziak operazioa burutzeko. Atxilotuak epailearen esku gelditu dira.