Xanti eta Eneko Peiro: "Gutxieneko prezio finkoa jarri behar zaio arrainari"

Urola Kostako Hitza 2013ko abenduaren 5a

Xanti eta Eneko anaiak, Orioko portuan (Aitor Manterola/Hitza) [Aitor Manterola/Hitza] Azaroko azken ostirala da, eta hotz egiten du Orioko portuan. Gauerdian heldua da Gure Gogoa, eta ez da arrain bila aterako datorren urteko otsailera arte. Bukatu berri ditu aurtengo arrantzak. Eneko Peiro (Orio, 1972) dago moilan, eta handik gutxira heldu da Xanti Peiro anaia eta patroia (Orio, 1963). 2004an egindako ontzian egin dute solasaldia HITZArekin, jangelan. Arrantzaleen sendia da peirotarrena: hirugarren ontzia dute hau. Aurrenekoa, 1970ean egin zuten eta gero Villarreal de Orio erosi zuten 1997an. Armadoreak dira, ontzi jabeak, baina anaia zaharrak eta Orioko Kofradiako presidenteak dioen bezala, «ez gara lehorrean egoten. Itsasora atera behar dugu bizi ahal izateko». Zer moduzkoa izan da aurtengo arrantzaldia? Xanti Peiro: Nahiko justua izan da. Berdelarekin oso kuota txikia daukagu. Lehen diru sarrera zen, eta orain denbora-pasa da, astebeterako lana bakarrik ematen digulako kuota horrek. Denentzako da kuota hori. Ontzi batzuk goiz hasten badira harrapatzen, besteek ere goiz hasi behar. Kuota denok osatu behar dugu. Eneko Peiro: Harrapa dezake kuota osoa ontzi batek, edo harrapa dezakete hamar ontzik, adibidez. X.P.: Arrainik ez balego, normala litzateke kuota txikia izatea. Baina azken hiru urteetan, berdel asko dabil, eta ezintasun handia sentitzen duzu harrapatu ezin duzunean aukera edukita. Berdelarena amaitu eta gero, antxoatan hasten zarete. Zer moduz joan zitzaizuen? X.P.: Martxoan hasten gara normalean, eta aurten beranduxeago azaldu da. Antxoa hasten bada pixka bat aurreratzen, eguraldia ez da ona izaten, kanpora ezin joan, eta ez da garai erraza izaten. Itsasontzi bakoitzak tasa dauka antxoatarako. Madrilek esaten dizu arrain bakoitzeko zenbat harrapatu dezakezun. Gero, Kantauriko itsasontzi guztiek bat egiten dugu nola harrapatu arraina, itsasontziko zenbat tokatzen den eguneko-eta, prezioaren arabera adibidez. 15.000 tona antxoa harrapatzeko aukera izan dugu, eta 12.000 arrantzatu dugu. Harrapatu ez dugun ehuneko hamarra hurrengo urteko kuotari gehitzen zaio, eta datorren urtean ere antzeko kuota izango dugu. Arraina, antxoa, etortzen bada, eta uste dut etorriko dela, antxoatako arrantzaldia ona izango da datorren urtean. Eta hegaluzearena zer moduzkoa izan duzue? X.P.: Haztegi zaleentzako, guretzat, eskasa izan da. Ona izaten da Golkoaren barruan sartzen bada hegaluzea. Golkoa esaten diogu Galiziako muturra eta Frantziakoa lotzeko marra egin, eta hortik barrura geratzen den lekuari. Uztail aldean azaldu zen bospasei kiloko arrain hori, baina galdu egin zen hamabost egunean. Ez zegoen arrainik Golkoan, eta kanpora joan behar izan genuen, Irlanda alderaino. Ontziak itsasoan ibiltzeko ez du batere arazorik, joan daiteke edozein tokitara. Arazoa da arrantza egiteko gure era, betikoa, ez dela eraginkorra edozein eguraldirekin. Itsaso ona behar du. Kasean dabiltzanentzat berriz, eguraldiak ez du eraginik. Horiek urte ona izan dute. Guk gutxi harrapatu dugunez, beraiek gehiago harrapatu dute. Horiek Irlandako zuloan ibiltzen dira. Hortaz, zuek atunetan Golkoaren barruan ibiltzekoak zarete arraina badago? X.P.: Arraina dagoen lekuan ibiltzen gara! Baina normalena da Golko barruan ibiltzea. Arrantzaldiaren hasieran, Mendebaldera joaten gara, Galiziatik pasa eta beste horrenbesteko bidea, bost bat egun eta gau joateko. E.P.: Komeni izaten zaigu Golkoan izatea hegaluzea, egun gutxiago izaten dugulako joan-etorrian ibiltzeko. Gertuago dago Mendebaldeko leku horien aldean, eta horrek esan nahi du egun gehiago izaten ditugula arrantzan ibiltzeko. Orain, udazkenean, urteko lanak amaitzeko, sardina eta halakoak harrapatzen ibiltzen zarete. X.P.: Arrain zakarretan ibiltzea esaten diogu azkeneko garai honi. Sardina, txitxarroa eta halakoak harrapatzen ditugu, eta badago itsasoan. Eguraldiak ez du lagundu baina arraina badago. Arcachon parean ibiltzen gara, bospasei ordura. Gasoil dezente behar da, eta gero hango lanak daude. Astuna geratzen da garai hau. Urtearen amaiera izateak ere ez du asko laguntzen, jendea nekatu samar egoten delako? X.P.: Gaizki ohituta gaude eta! Arrantzaleen kontratua aldizkako kontratu finkoa deritzona da. Bi urte daramanean langabezia kotizatzen, sei hilabete kobratzeko eskubidea dauka. Baina neguan ez da egoten sei hilabete lanik gabe, eta ez du osorik kobratzen dagokiona. Orduan, bi ziklotan banatzen da langabezia. Bi hilabete egongo gara orain geldirik, eta beste hiru hilabete eta erdi hurrengorako geratuko zaizkio. Garai honetan geratu egin behar izaten dugu, arrantzaleak badaki langabezia kobratzen egongo dela. Guk, aldiz, itsasontziaren jabeak garenok, berdin kotizatzen dugu. Guk ez dugu langabezirik kobratzen geldirik egonda ere. Orain itsasontziaren jarduerari baja emango diogu, urtero bezala, eta guri, nagusioi [bera, anaia eta koinatua dira jabeak, armadoreak] ez digu kotizatuko jubilaziorako. E.P.:  Guk ordaindu egiten diogu Gizarte Segurantzari tarte honetan, geldirik gaudenean, baina enpresako jarduera bajan dagoenez (itsasontzia), ez dugu kotizatzen geroko. X.P.: Ez langabezia kobratu, ez kotizatu jubilaziorako. E.P.: Berez, kobratzea badugu, baina kobratuz gero, Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzetara ezin gara aurkeztu. Laguntza horiek izaten dira ontzia berritzeko eta abar. Xanti Peiro (A.M./Hitza) Arrantzaleek eskatu egiten al dizuete ontzia lehenbailehen geratzeko garai honetan? X.P.: Aste honetan (aurrekoan) arrantzaleak marmarrean neuzkan noiz geratuko ginen eskean. Beste batzuk ordurako geratuta zeudenez... Garbi esan nien: «Ni ez naiz joaten itsasora denbora galtzera. Arraina harrapatzera joaten naiz, eta arrainarekin dirua. Etxean egonda ez daukat ezer». Aste polita egin dugu (aurrekoa), eta denek esaten zidaten gero Gabonak arte segitzeko. E.P.:  Makaela arraina ondo harrapatu dugu, berdelaren antzekoa da. Gaztelaniaz caballa esaten zaiona da. Arrantzaleak haserre antzean daudenean, nola kudeatzen dituzu egoera horiek, Xanti? X.P.:  Haserre nengoen, aurreko egun batean elkarrizketa bat entzun nuelako gustatu ez zitzaidana. Garbi esan nien astelehenean: «Langabezia kobratzeko eskubidea zuena da, baina itsasontzia nirea da. Gustura ez dagoenak badaki zer egin behar duen, alde egin eta langabezia kobratu». Urte asko ez dela ez al zenuten beranduago bukatzen urtea? X.P.: Bai, baina Surrera joaten ginelako. Hegoaldera. E.P.: Hasi ere beranduago hasten ginen, ordea: martxoan. Orain otsailean hasten gara. Antxoa harrapatzeko debekua jarri artean, San Jose egunaren bueltan hasten ginen itsasoan. Bost urtez egon ginen antxoa harrapatu ezinda, eta orduan berdelari heldu genion. Bada, antxoaren debekua kendu denean ere, berdelarenari eusten diogu, eta horregatik hasten gara lehenago. X.P.: Berdelaren kuota etorri arte, asko harrapatzen genuen antxoarena hasi arte. Hilabete eta erdi izaten zen berdelarena. 700 tona harrapatzen genuen, eta orain kuota 50 tonakoa da. Azkenean, ez dugu dirua irabazten. Kuotak, tasak, mugak... bide horretatik segituko al du Europako Batasunaren politikak? X.P.: Arrain mota bakoitza ontziko zenbat harrapa daitekeen zehaztu nahi du. Emango dizkigu koutak eta bakoitzak harrapa dezala nahi duen bezala muga horien barruan. Horretara doa Europa. Itsasontziek balore bat daukate gainetik kendu nahi baduzu, eta ez daukate besterik. Arrain kuota horiek gehitu nahi dizkiote balore horri, saldu behar bada ere onurak izateko. Arrainaren mugak nola zehaztuko dituzten? Datu historikoen bidez egitea nahi dugu. Azkeneko hamar, zortzi edo bost urte hartu, eta ikusi bakoitzak zer eta zenbat harrapatu duen. Guk eskatzen dugu datu historikoak aintzat hartzeko. Hegalaburraren kasuan, Gipuzkoako ontziek denon datu historikoak batzen ditugu, eta orain ere honela izatea nahi dugu. Eta ontzia Euskal Herritik kanpora saltzen bada, datu historiko horiek galdu egingo lituzke, esaterako, Gipuzkoako kofradiak, ontzia gipuzkoarra bada? X.P.:  Hemengo ontziren bat salduta ere, datu historiko horiek Gipuzkoako kofradiaren esku geratzea interesatzen zaigu, ez betirako galtzea datuok. Lortuko dugu zerbait. Lehen, ni hasi nintzenean arrantzan, Gipuzkoako portuen artean sekulako borroka zegoen. Inbidia zegoen latza. Orain, Gipuzkoan 42 ontzi gaude, eta patroiak edade buelta berdinekoak garenez, hobeto moldatzen gara Hondarribiaren, Orioren eta Getariaren artean. Arrantzak, hemengoak, bermatuta al dauka geroa? X.P.: Gauza bat dago garbi, eta betiko pekatua da. Guk ekartzen dugun lehengaiari sekula ez zaio Barne Produktu Gordina igotzen; ezta nekazaritzako produktuei ere. Baina, aldiz, guk erabiltzen ditugun baliabide guztiei igo egiten zaie. Orain, sarrerak eta gastuak ia-ia berdinak dira. Ontzi hau Elkargik abalatzen du, eta Kutxara eta Elkargira datuak eraman, eta aurrera segitzeko esan ziguten duela bederatzi urte. Duela lau urtetik, gasoilak gora egin zuenetik, prestamoak-eta ordaintzeko gordeta geneukan dirua gasoiletan ordaintzen dugu. E.P.: Bikoitza igo da gasoila. X.P.: Bikoitza ez, Eneko! Bi heren igo da kolpetik gasoila. Ez dut esaten ez denik ordaindu behar, baina nik ekartzen dudan generoari ere balioa eman. Gure aita eta aurrekoak itsasoan ibili dira, ez dira izan lehorreko armadoreak. Gu ere geratuko ginateke egin gabe irabaziko bagenu. Pertsonarik langileena ere etxean geratzen da aukera izanez gero. Orain lehen baino arrain gehiago harrapatzen dugu, nahiz eta gutxiago ikusten den. Lehengo aldean, sekulako kalitatearekin ekartzen dugu arraina lehorrera, gainera. Eneko Peiro (A.M./Hitza) Eta gutxiago ordaintzen zaizue... X.P.: Ez dut esango gutxiago ordaintzen digutenik, baina lehen hamar pezetako gastuak zirenak orain mila pezetakoak dira. Hor dago koska. Arrantzaleak ondo irabazten al du? X.P.: Bizitzeko adina bai, baina luxurik gabe, lehorrean gauza guztiak igo direlako. Gurean zergatik ez da igotzen BPG? Beheranzko salmentak dira gureak. Eta, gainera, erosleek gehiago jaisten dizute. Edozein aitzakia ateratzen dizute prezioa jaisteko. Eta guk onartu egin behar dugu. Maiorista horiek horrela egiten dute lan. Esaten diete enpresa batetik: «Hainbeste diru daukazu, eta horrekin ekarri hainbeste arrain». Badakit erosle horiek ere gastuak dituztela, baina denak dauka bere neurria. Arraindegi batean bi lagun egoten dira lanean, beste bik arraina ematen diete. Lau horiek jateko nahikoa dute ontzi honek harrapatutako arrainaren ehuneko hamarra. Eta gu, zer? Ba al du konponbiderik horrek guztiak? X.P.: Bai, badauka. Arrainak izan dezala prezio finkoa, gutxieneko bat. Denon partetik zerbait jarri behar da. Eta onartzen dut guk ere errua dugula. Europan harrapatzen den arrain guztiarekin, europarren %40 elikatzeko bakarrik iristen da, eta gainerakoa Europatik kanpo ekarri behar da. Arraina badago, eta kuotak handituz gero, salmentaren prezioak jaitsi egingo lirateke; hori gertatzen delako arrain asko ekartzen dugun bakoitzeko. Ni ahalik eta arrain gehiena harrapatzera joaten naiz itsasora, baina zer gertatzen da salmentan? 50 ekarri eta 1.000 ematen dizute; 100 ekarri eta 70. Askotan gertatzen da hori. Bolumen handia ekarrita, maioristek negozio handiagoa egiten dute. E.P.: Hegaluzetan maioristek honela egiten dute lan: gaur 60.000 euro gastatuko ditut, eta zuk, arrantzaleak, 120.000 kilo ekartzen badizkidazu, bere kontuak osatzeko behar duen prezioan erosiko dizu arraina. Zenbat urte daramazu itsasoan, Xanti? X.P.: Hamabost urte neuzkanetik. Gustatzen zaidalako nabil. Orioko leloa da Erria txikota, eta momentu honetan buruan dauzkat lehorreko zenbakiak betetzea, baina hori burutik kenduz gero, umea jostailu berriarekin baino gusturago ibiltzen naiz. Erronka da niretzat arrantza egitea. Hegaluzetan askoz gusturago ibiltzen nintzen, neuk harrapatzen nuelako. Orain, berriz, zubian joaten naiz. Ehiztari sena daukat, harrapatzeak ematen dit poz hori. E.P.: Hegaluzetan arrantzale bakoitzaren abileziak eragin handia dauka. Sei kainabera daude gurean, eta beste sei kakozaleak dira, kakoarekin egoten dira arraina uretatik ateratzen. X.P.: Nik ontzia ondo jarriko dut hegaluzearen gainean, baina gero, faktore asko daude arrain horri etekina ateratzeko. Arraina etortzen da, eta halako batean, arrain bat joan egiten da kakoarekin jotzeagatik edo beste arrazoi askogatik. Berezko faktoreak dira, eta gertatzen dira, ez zaio buelta handirik eman behar. Esaten diet arrantzaleei: «Hor daukazue dirua, harrapatu dirua!». Berdin zait gau osoa kamainan pasatzen badute ere, baina tinbrea jotakoan, denak gora eta arrantzara. Eta zu, Eneko, noiz hasi zinen? E.P.: Berandu hasi nintzen. 24 urterekin edo hasiko nintzen, nahiz eta aurretik uda batzuetan ibili. Ikasketak bukatu nituen, eta saiatu nintzen Kutxan sartzen, proba batzuk ere egin nituen, baina ez zidaten deitu. Azkenean, anaiak esan zidan itsasora joateko, eta makinako tituluak atera nituen. Hamabost urte daramat itsasoan. Xanti, itsasoan nabigatzea ere gustukoa al zaizu? X.P.: Niri jarri gasoila debalde, eta ez dut lurrik zapalduko. Oraingo itsasontzi hauek luxua dira gero! Ur beroa, ur hotza, Canal Plus, satelitea... hau handia da gero! Etxetik kanpo ibiltzea beti da gogorra, hori bai. Baina lehen gogorragoa zen. Eguraldi parteari aurrea hartzen zaio orain, baina lehen ez, eta denboraleak bete-betean harrapatzen gintuen. Orain ez. Etorri izan gara etxera eta hemengoek esan ea zertan ari garen etxean. «Denboralea dago», erantzun guk; eta hemengoek: «Non? Hemen itsaso on askoa dago eta!». Eta handik pare bat egunera hemen ere denboralea sartu. Ezbeharren bat izan arrantzaleren baten senideren batek eta lehorrera etortzera behartuak askotan egon al zarete? X.P.: Lehorrera etorri behar da derrigorrean halakoren bat gertatzean. Guri itsasoan gertatu izan zaizkigu ezbeharrak, baina lehorreko senideei ez. Senideren bat hiltzen ari denean-eta, lehorrera etortze horretan itsasontzi guztiok harremanetan jartzen gara, lehorrera datorren batek ekar dezan beste ontzi bateko arrantzalea, ezinbestean etorri beharrean den hori. Zer ezbehar izan dituzu itsasoan Xanti? X.P.: Behin, aitarekin, Azores aldean sekulako denboraleak harrapatu gintuen, eta hondora ez ginen joan txiripaz. Bi olaturen artean itsasontzia jarri, eta makil muturrik ez zen ikusten. Latza izan zen. Zubian ginen aita eta biok. Aitari esan nion itsasontzia husteko; hustu genuen, eta olatu batekin, urez bete zitzaigun dena berriz. Larri ibili ginen. Gaua zen. Beste hau gogorragoa izan zen: Ondarroako arrantzale batek, 23 urtekoak, bere buruaz beste egin zuen itsasontziko atzeko makilan zintzilikatuta. Egun hartan, hegalaburra ondo harrapatu genuen, eta pozik ginen. Mutil hura ere han zen, itxuraz ondo. Guardia egiten ari zen batek esan zidan gauean mutilarena. Gaueko hamaiketan barrezka ari ginen denok, eta handik gutxira, a ze disgustoa. 1997an izan zela uste dut. E.P.:  Lehorrera etorri ginen, eta Ertzaintza zain geneukan. Ea zergatik jaitsi genuen mutila makiletik galdezka. Esan genien hamar orduko bidea genuela, eta nola ekarriko genuen bada zintzilik mutila. X.P.: Ertzainek galdetzen ziguten nork jaitsi zuen mutila makiletik. Esan nien beste bik eta nik jaitsi genuela. Eta esan nien neuk agindu nuela handik jaisteko. Eta soka nork kendu zion, eta horrelakoak. Soka kendu zuena berriz jartzera behartu zuten. Haserretu egin nintzen ertzainekin. Gero, gainera, mutilaren izebak guri bota zigun errua gertatutakoarena. Handik pare bat hilabetera, izebak deitu zidan barkamena eskatuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide