Orioko Karela kiroldegiko gimnasioan, atzo goizean, herritarrak kirola egiten (Aiora Larrañaga/Hitza)
Azken hilabetean Gipuzkoako kiroldegietako langileak kalera atera dira lan baldintzak defendatzeko; tartean, eskualdean Orioko Karela kiroldegiko langileak. Izan ere, 2012ko abenduaren 31n amaitu zen titulartasun publikoko kirol azpiegituretako langileen Gipuzkoa mailako lan hitzarmena, eta urte beteko epea dute hori negoziatzeko. Patronala eta langileen ordezkarien arteko elkarrizketek ez dute fruiturik eman, ordea. Sektoreko langileek indarrean dagoen lan hitzarmenak hurrengoa sinatu bitartean indarrean jarraitzea, enpresek eskumenik ez izatea, lan hitzarmena ez aplikatzea erabakitzea, eta langileek eros ahalmenik ez galtzea eskatu dute negoziazio mahaian.
Gaur egun zerbitzuaren ardura duten enpresen «jarrera itxia» dela eta ez dutela «negozioatu nahi» salatu dute langileek. «Azaroaren 4rako deitu zen negoziazio mahaira ez ziren agertu. 2014ko urtarrilaren 1era arte eten nahi dute negozioazioa, ordutik aurrera hitzarmen okerrago bat aplikatzeko aukera izango dutelako». Izan ere, abenduaren 31 bitartean ados jartzen ez badira, estatu mailako lan hitzarmena aplikatzeko aukera izango dute enpresek. «Horrek langileek urtean 160 ordu gehiago lan egitea eta gutxiengo soldata %60 jaistea jasotzen du», azaldu du Pablo Irisok, Orioko Karela kiroldegiko langileen ordezkariak.
Eskualdeko kiroldegi guztietako langileen lan baldintzak daude arriskuan, eta langileak ez daude lan baldintzak okertzen uzteko prest. Horregatik, datozen asteetan lanuzteak eta beste motatako mobilizazioak egingo dituztela azaldu du ELA sindikatuko ordezkari Zigor Gazpiok. Orion, esaterako, dagoeneko hasi dira elkarretaratzeak egiten. «Beste zenbait kiroldegitan oraindik ez dute urratsa egin. Elkarretaratzeak egin eta kalera ateratzea kostatu egiten baita askotan. Uste dugu ordu bete edo bi orduko lanuzteak errazago egingo dituztela langileek».
Kirolegietako langileek, mobilizazioek sor ditzaketen arazoengatik, barkamena eskatu diete erabiltzaileei aldez aurretik. «Gainera, herritarrei laguntza ere eskatu nahi diegu langileoi egoera horren errudun ez egiteko, eta enpresei eta udaletxeei langileok orain arte erakutsi dugun ardura eskatzeko».
Udalen «ardura»
Gipuzkoako Udalek azpikontratatuta izaten dituzte kasu askotan kirol azpiegiturak kudeatzeko enpresak. Dena dela, langileek uste dute udalek bermatu behar dutela «kiroldegiko erabiltzaileentzat kalitatezko zerbitzua, baita langileek hitzartutako lan hitzarmen kolektiboa aplikatzea, eta subrograzioa eskubidea ere». Horregatik langileen ordezkariak eskualdeko udalekin bilduko dira gaia jorratzeko. ELA sindikatuko eskualdeko ordezakariaren esanetan, «bi borroka» dituzte egun. «Lehenik eta behin, Gipuzkoa mailako lan hitzarmen berria lortu nahi dugu, eta hori aurrekoa baino hobea izatea nahiko genuke; KPIaren igoera jasotzea, eta aurreko lan hitzarmenak zituen hutsune batzuk hobetzea, alegia. Hori lortzen ez badugu, ordea, langileen lan baldintzak oker ez daitezen udalekin negoziatuko dugu, azken horiek baldintza agirien bidez berma baitezakete langileen lan baldintzak ez okertzea», zehaztu du Gazpiok.
Orion dagoeneko negoziatu dute. Udalak herriko kirol azpiegitura guztien kuadeaketa lehiaketa publikora atera du, eta langileen lan baldintzak negoziatu dituzte bi aldeek. «Hartu-emanak onak izan dira, eta udalak lehiaketako baldintza agirietan gaur egun langileok ditugun lan baldintzak bermatzea lortu dugu», azaldu du Orioko Karela kiroldegiko langileen ordezkari Irisok. Dena dela, langileek ez dute «politikarien nahiaren menpe» izan nahi, eta euren lan baldintzak bermatuko dituen lan hitzarmena «ezinbestekoa» dela uste dute. «Azken asteetan elkarretaratzeak egin ditugu, ez Orioko Udalaren jarrera salatu nahi dugulako, lurralde mailako hitzarmena aldarrikatu nahi digulako baizik».
Orioko Udalak erakutsi duen «jarrera baikorra», ordea, ez dute udal guztiek izan. «Udal batzuk langileen lan baldintzak bazkideen kuoten igoeraren errudun direla azaldu dute, baita hitzarmena indarrean ez zegoenean ere», salatu dute langileek.