Gabon egunean jartzen dute Elkartasun Tonbola Orioko Herri Ikastolako DBH 4. mailakoek (Argazkia: Orioko herri ikastola)
Mendebaldea krisi ekonomiko larria bizitzen ari da, eta gaia bolo-bolo dabil gizartean. Aditu askok balioen krisia ere aldarrikatu dute, oparotasun urteetan kapitalaren interesen aurrean gizatasunak indarra galdu duela argudiatuz. Orain arte eroso bizi izan diren herritarrek lasaitasuna kolokan ikusi dute, baina hala ere entzungor egiten diete askotan munduan gertatzen denari. Izan ere, munduan badira herrialdeak Ipar-hego botere banaketa dela-eta hamarkadetan krisi ekonomiko larrian murgilduta daudenak. Bertako herritarrek oinarrizko beharrak asetzeko zailtasunak izaten dituzte; egunean bitan jatea, haurrak eskolara eramatea edo gaixo dagoena sendagilearengana eramatea luxua izan ohi da herrialde askotan.
Nork bere zilborrari begiratzeari utzi, eta azken urteetan Elkartasun Tonbola antolatzen dute Gabon egunean
Orioko
Herri Ikastolako DBH. 4 mailako ikasleek. «Tonbolaren bidez lortutako irabazi guztiak bi zatitan banatzen ditugu: irabazien erdia, martxoan egingo dugun ikasketa bidaia finantzatzeko erabiliko dugu, eta beste erdia, berriz, Ruandako eskola batera bidaltzen dugu, bertan ezinbestekoa duten materiala eros dezaten» azaldu dute ikasleek. Horregatik deitu diote Elkartasun Tonbola.
Ikasleei bururatu zitzaien ideia. Hasiera batean, ikasketa bidaiarako dirua biltzeko tonbola antolatzea otu zitzaien, eta ikastolak bigarren zentzua eman nahi izan dio egitasmoari. «Ez genuen diru-biltze soila izan zedin nahi. Bigarren helburua izatea ezinbestekoa zela uste genuen; herriari zerbitzuren bat eskaintzea edota beste norbaiti laguntzea, alegia», azaldu dute.
Ruandarrekin hartu-emana
Urte askotan Orioko Ikastolako irakaslea izan zen Demetrio Esnaola. Gazte garaian Ruandan misiolari ibili zen, eta bere anaia Leonardo Esnaola duela gutxi arte jardun zuen Ruandan misiolari lanetan. «Urtero Gabonetan eta Santa Ageda egunean bildutako dirua Leonardori bideratzen genion, ruandarrei laguntzeko. Beraz, tonbolaren bigarren helburuak ildo hori jarraitu behar zuela argi ikusi genuen», azaldu dute ekimenaren arduradunek.
Laguntza ekonomiko horren harira, urtero DBH 4. mailako ikasleek gutun bidezko harremana izaten dute Ruandako ikastetxeko haurrekin. «Etikako ikasgaian ere Ruandako egoera, laguntasuna, laguntza ematea eta elkartasun tonbolaren helburuak lantzen ditugu, besteak beste. Gainera, gutun horien bitartez sortzen den harremana ere lantzen dugu», zehaztu dute.
Elkartasun Tonbola ikasleek antolatzen badute ere, oriotar askoren laguntzari esker egiten dute. Alde batetik, sariak dendaz denda eta tabernaz taberna lortzen dituzte ikasleek, eta merkatariek eta ostalariek beren borondatez opariak ematen dizkiete tonbolan zozka ditzaten. «Merkatarien eta tabernarien jarrera, urtero, bikaina izaten da; nahiz eta gaur egungo krisiak egoera asko zaildu, urtero laguntzeko prest daude eta hemendik eskerrak eman nahi dizkiegu», azaldu dute egitasmoaren arduradunek eta DBHko ikasleek. Aurten ere Gabon egunean Elkartasun Tonbola antolatzeko asmoa dute ikasleek, eta Orioko komertzioei laguntza eskatu diete. «Haien eskuzabaltasunagatik antolatu dezakegu tonbola».
Bestetik, herritaren parte hartzea ere ezinbestekoa da tonbolak arrakasta izan dezan. Horregatik, tonbolan parte hartzera animatu dituzte ikasleek oriotarrak. «Gabon egunean eguerdi partean, plazara azaldu eta tonbolan boletoak erostea eguneko martxan txertatzea lortu dugu. Horrek plaza inguruan giroa sortzen du, baina beti bezala eguraldia zeresan handia du, eta hori emaitzetan ere asko nabaritzen da. Elkartasun tonbolara gonbidatu nahi ditugu oriotar guztiak», azaldu dute.