Ostiral honetan aurkeztuko dituzte 2014ko Kilometroetako leloa eta logotipoa, kirolegian

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko azaroaren 21a

San Luis itsasontziaren sotoa zenean jarriko dute Kilometroak 2014ko denda (Aiora Larrañaga/Hitza) Pixkanaka-pixkanaka Kilometroen giroan murgiltzen ari da Orio. Oriotar asko, hainbat lan taldetan banatuta, festa handia prestatzen ari dira, eta eragileek eta elkarteek elkarlana abiatu dute dagoeneko Kilometroak 2014 egitasmoaren harira. Leloa eta logotipoa zein izango diren jakiteko irrikaz daude herritarrak, eta dagoeneko aukera posibleak ere bobo-bolo dabiltza heritarren artean. Dena dela, oriotarrek ez dute asko itxaron beharrik izango, bihar 20:00etan aurkeztuko baitute Kilometroak 2014 Jaia Orioko Karela kiroldegian. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 60 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute ikuskizunean. «Mimoz prestatutako ordu bete inguruko ekitaldi xumea izango da», azaldu dute. Orioko Herri Ikastolako ikasleek, gurasoek, langileek, ikasle ohiek eta hainbat herritarrek hartuko dute parte ikuskizunean, eta dantzaz, antzerkiaz, kantuaz, narrazioez eta ikus entzunekoaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ekitaldiak hainbat zati izango ditu. Lehen zatian «herri bat martxan dabilela» irudituko dute. Ondoren, hilabeteetan sekretuan mantendu diren leloa eta logotipoa jakitera emango dute. Gero, Kilometroak 2014 ekimenaren baitan salgai izango den arropa erakutsiko dute. Sarrerak salgai 3 eurotan Biharko aurkezpen ekitaldiak 1.200 lagunentzat aforo mugatua izango du. «Segurtasun arrazoiek behartzen gaituzte ikusle kopurua mugatzera. Horretaz gain, segurtasun neurri bezala haur autoak kiroldegi barrura ez sartzeko eskatu nahi diegu herritarrei», azaldu dute antolakuntzatik. 1.100 sarrera jarri dituzte salgai, eta dagoeneko erdiak saldu dituzte. «Sarreren salmenta erritmo onean doa, eta sarrera guztiak aurrez saltzea espero dugu». Kilometroak 2014 Jaiko sarrerak 3 eurotan eskuragarri daude Ikastolako idazkaritzan, Lore burdindegian, Uranga burdindegian eta Il Gelato kafetegian. «Aurrez sarrera guztiak saltzen baditugu, egunean bertan ez ditugu txartelak salgai jarriko», ohartarazi dute. Sarrerak zenbakituak izango dira, eta ekitaldiaren amaieran Kilometroetako lehen arropa sorta zozkatuko dute ikusleen artean. Behin leloa eta logotipoa aurkeztuta, larunbatean zabalduko dute Kilometroak 2014ko arropa denda. Orioko plazan egongo da saltokia, eta San Luis baporearen sotoa zenean egongo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide