Gaur egun Orion hondakinen %36 birziklatzen dira (Aiora Larrañaga/Hitza)
Orioko Hondakinen Mahaia herriko birziklatze tasa igotzeko buru-belarri ari da lanean, hori osatzen duten udal taldeak gaiarekin kezkatuta baitaude. «Zabortegien bizitza agortuta dago, eta sortzen dugun hondakin kopurua oso altua da oraindik. Gutxiago sortzeaz gain, birziklatu egin behar dugu, hobeto eta gehiago». Egoeraren larritasunaz jabetuta, udalbatza osatzen duten alderdiek aho batez onartu dute 2015eko hasierarako Orioko birziklatze-tasa %65era iristea.
Hondakinen %65 birziklatzera iristeko, hainbat egitasmo egitea aurreikusi du Hondakinen Mahaiak, eta horietako bat abian jarri du aste honetan bertan. Udaletxeko balkoian panel bat jarri du, eta hilero herriko birziklatze tasak izandako aldaketaren berri emango die herritarrei. «Hondakinen gaia kalera eramatea
eta herritarrak kontzientziatzen laguntzea da panelaren helburua», azaldu dute Hondakinen Mahaiko kideek.
Orioko birzkilatze datuak hilaren erdialdera aldatuko dituztela azaldu dute. «Modu horreta herritarrek jakingo dute, uneoro, nola doan Orioko Udalak bere buruari jarri dion erronka».
Egun %36 birziklatzen da
Egun 1.200 etxetan dute hondakin organikoa bereizteko edukiontzi marroia, Orioko etxebizitzetatik %52tan. «Bestalde, birziklatze tasak azken hiru urteetan gora egin du. %22, %27 eta %31 izan da birziklatze tasa 2010, 2011 eta 2012 urteetan, hurrenez hurren». Egun hondakinen %36 birziklatzen dira Orion.
Datu horiek hobetu daitezkela onartu dute Hondakinen Mahaia osatzen dute udal taldeek, eta hori lortzeko elkarrekin lanean jarraitzeko borondatea azaldu dute.
Udalak orain arte hainbat baliabide jarri du herritarrek gehiago birziklatu dezaten: edukiontzi marroia eta arraindegietan baliatzeko ontziak banatu ditu, elkarte gastronomikoei gaika biltzeko baliabideak eman dizkie, eta prestakuntza-saioak ere antolatu ditu. Birziklatzeko ohitura herritarren artean sustatzen jarraitzeko asmoa du Orioko Udalak, eta Hondakinen Mahaiak azaldu du baliabide horiek, eta berri batzuk, herritarren eskura jartzen jarraituko duela. «Erronka hau denon artean irabazi behar dugu».