20 urtetan, Orio kantu kantari

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko azaroaren 19a

Salatxoren 20. urteurrena Azaroaren 23a, larunbata
  • Salatxo Abesbatzak urteurren kontzertua emango du Orioko Baliko Nikolas Deunaren parrokian 20:30ean. Lehenengo zatian Salatxo abesbatzak 20 urtetako ibilbidea errepasatuko du. Bigarren zatian Salatxo Abesbatzak Hernaniko Kantuz eta Astigarragako Aiztondo abesbatzekin batera Verdi konposatzailearen jaiotzaren 200 urteunerrena aitzakia hartuta Verdiren hiru obra eskainiko dituzte.
Abenduaren 6a, ostirala, san nikolas egunean
  • San Nikolas Eguneko mezetan Salatxo Abesbatzak, Danbolin Musika Eskolako ikasleek, Egunsentia Otxoteak eta Parrokiako Abesbatzak Aita Paskual Barturen Euskal Meza abestuko dute. Organoa Jose Antonio Pascualek joko du eta Musika Eskolako txistulariek ere parte hartuko dute saioan.
Salatxo abesbatza hasi berritan (Argazkia: Salatxo abesbatza) Salatxo Abesbatzako kideek askotan abesten dute herriko jaietan Hogei urte igaro dira Orioko hainbat herritar bildu eta Salatxo abesbatza sortu zutenetik. Pixkanaka-pixkanaka hasi ziren lanean, Marina Lertxundi zarauztarra zuzendari zutela, eta Salatxo eta Salatxo Txiki abesbatzak sortu zituzten. Hutsetik hasi behar izan zuten proiektua. Hasiera hartan Salatxo abesbatzako zenbait kidek ez zekien musika mintzaira, eta partiturak irakurtzen ikasi behar izan zuten abesten trebatzen ziren bitartean. «Kantu gosez geunden oriotarrak. Ordura arte parrokian sortu zen gizon-emakumeak biltzen zituen abesbatza, baina urrats bat aurrera egin nahi genuen. Orioko Udalari, Musika Eskolari eta Marina Lertxundi zuzendariari esker guztien ametsek bat egin zuten, eta Salatxo Abesbatza sortu genuen», azaldu du Jose Antonio Lertxundik; hasiera-hasieratik da Salatxoko kide. Duela hogei urte sortu zen proiektuak bizi-bizirik dirau oraindik, eta aurrera begira «horrela, indarrez abesten jarraitzeko intentzioa» dute Salatxoko kideek, Igor Arroyo zuzendari dutela. Garapena 20 urtean Urte guzti hauetan bizipen ugari bizi izan dituzte Salatxo Abesbatzako kideek. «Era guztietako uneak bizi izan ditugu, onak eta ez hain onak. Parte-hartzaile kopuruari dagokionean ere gora-beherak izan ditugu. 55 lagun inguru izatera iritsi ginen, baina adineko pertsonak zahartu egin direlako edota gazteak ezkondu edota herritik kanpora bizitzera joan direlako, pixkanaka-pixkana jendea abesbatza uzten joan da. Egun 30 lagun inguru gara, eta abestea atsegin duen jendea taldera gehitzea gustatuko litzaiguke», azaldu du. Kontzetu ugari eman dituzte urte horietan guztietan Salatxokoek. «Abesbatzen kantuak garapena izan du musikari dagokionean, baita herritarren harrerari dagokionean ere», azaldu du Lertxundik. «Ohartu ginen gero eta jende gutxiago hurbiltzen zela oro har abesbatzen kontzertuetara. Horregatik, publikoa etortzen ez bada gu publikoarengana joatea erabaki genuen eta behin baino gehiagotan abestu izan dugu kalean». Jakin badakite kalea ez dela abesteko eremurik egokiena. «Baina oriotarrak gure kantuekin gozatzea da gure nahia», nabarmendu du. Orion abesteaz gain, munduan zehar kontzertuak emateko beta ere izan dute abesbatzako kideek. «Euskal Herria, Espainia, Portugal, Frantzia, Italia eta Norvegia ezagutu ditugu, eta joan garen tokian Orioren izenari gorazarre egin diogu», azaldu dute. Herrialde asko eta askotarikoak ezagutzeaz gain, jende berria ezagutzeko aukera ere izan dute oriotarrek. «Truke bidaiak egin izan ditugu askotan, beste herrialde bateko abesbatza batekin harremanetan jarri, eta haiek hona etorri izan dira eta gu bertara joan gara. Oso esperientzia polita izaten da, aberasgarria denontzat», adierazi du Lertxundik. Atzerriko jendea ezagutzeaz gain, oriotarren bilgune izan da bi hamarkadetan Salatxo Abesbatza eta herritarrak elkarren artean ezagutzeko aukera ahalbidetu du. «Bestela elkar ezagutuko ez genukeen herritarrek egin dugu topo Salatxon. Oso giro ona dago gure artean, eta astero-astero elkartuz, lagun taldea bihurtu gara». 20. urteurren kontzertua Salatxoko kideek aitortu dute abesbatzak harrera «ezinhobea» izan duela beti oriotarren artean eta abesbatzaren 20. urteurrena herritarrekin ospatu nahi izan dute. Horretarako bi kontzertu antolatu dituzte. Datorren larunbatean izango da lehena Orioko Bariko Nikolas Deunaren parrokian 20:30ean. Kontzertuaren lehenengo zatian Salatxo abesbatzak 20 urtetako ibilbidea errepasatuko du. Bigarren zatian berriz, oriotarrek Hernaniko Kantuz eta Astigarragako Aiztondo abesbatzekin batera Verdiren hiru obra kantatuko dituzte Xabier Lizaso pianoan lagun dutela. Abenduaren 6an, San Nikolas Eguneko meza nagusian Aita Paskual Bartuteren Euskal Meza abestuko du Salatxo Abesbatzak Danbolin Musika Eskolako kantu ikasleekin, Egunsentia Otxotearekin eta Parrokiako abesbatzarekin batera. Organoa Jose Antonio Pascualek joko du eta Musika Eskolako txistulariek ere parte hartuko dute saioan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide