Duela hamar urte oriotar talde batek herriko plazan postua jarri zuen, eta Euskal Herriko hainbat zuhaitz espezieren haziak banatu zituen hurbildu zirenen artean. Egitasmo txikiarekin hasi zuen ibilbidea, baina urtez urte Herrio Natur Taldeak indarra hartu du, eta jardunak eragina izan du herritarren ohituretan.
Herrio Natur Taldeko kideen udazkenero postua jartzen dute. (Leire Ventas/Hitza)
Igandean goiz-eguerdi partean 10. urtez banatuko dituzte haziak Herrioko kideek herriko plazan, eta oriotarrek horiek etxean ereitea eta, landaretxoa sortzen denean, kanpoko toki egoki batean landatzea da egitasmoaren helburua .
Udazken partean Herrioko kideek bertako zuhaitzen haziak biltzen dituzte, eta oriotarren artean banatzen dituzte ondoren. Aritz haziak, ezkurrak, pagaziak, eta beste hainbat hazi mota banatuko dituzte aurtengoan ere.
«Horien inguruko informazioa emango diegu herritarrei, eta haziak ereiteko jarraitu beharreko prozesua azalduko diegu», adierazi du Herrioko kide Eneritz Odriozolak Urtean joan urtea etorri, hazi banaketa indarra hartzen joan da oriotarren artean, eta adin guztietako herritarrak hurbiltzen dira Herriokoen postura.
Gizarte jasangarriagoa xede
Hamar urtetan ingurumenarekiko kontzientziari dagokionean «gizartea aldatu» egin da, baina Herrioko kideek jakin badakite asko dagoela egiteke. «Herritarren artean jarrera aldaketa antzeman da, eta lehen ez zegoen ingurumenaren aldeko kultura eta kotzientzia sortu dira. Hondakinen gaia da horren adibide garbia. Hala ere, oraindik ekonomiaren oso azpitik dago ingurumena. Lehentasunak jartzerakoan eta erabakiak hartzerako orduan ingurumena azken postuetan geratzen da, eta horretan hobetzeko asko dugu», adierazi du Odriozolak.
Herrioko kideen iritziz, ingurumenaren aldeko borrokan belaunaldi berriek asko dute esateko. «Hondakinak birziklatzeari dagokionean, esaterako, etxe askotan haur eta gaztetxoak izan dira gurasoak birziklatzera animatu dituztenak. Horretaz gain, ohitura jasangarriak ere zabaldu dituzte helduen artean».
Egitasmo txikiekin gizarte osoan aldaketak eragitea zaila izaten bada ere, Herrioko kideek jakin badakite lanean jarraitu behar dutela. «uUratsez urrats gauzatxo txikiak lortuko ditugu. Ingurumena zaintzeko ahalegin handia egin beharko genuke gizartean, eta zoritxarren gai hauetan denbora gure kontra daukagu». Horregatik, oriotar guztiei ingurumena zaintzeko deia luzatu diete Herrio Natur Elkartetik.