Kontzertu zikloa antolatu du Orioko parrokiak organo berria herritarrei aurkezteko

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko azaroaren 13a

Eskualdeko beste hainbat organo bezala, Azpeitian egin izan dituzte Orioko parrokiak izan dituen aurreko organoak; euskal organogile ospetsuenen sorlekuan, alegia. Orioko aurreko organoen hainbat bereizgarri mantentzen saiatu da Taller de Organeria Acitores organogile eta berreskuratzailea, eta organo «ederra» lortu dutela azaldu du bertako arduradun Federico Acitores organogileak. Organo berria elizkizunetarako diseinatuta egoteaz gain, erabilera didaktikoa izateko ere prestatu dutela azaldu dute. «Organoaren barneko aldean sartu, eta nola funtzionatzen duen ezagutu dezake nahi duenak. Batez ere, ikastetxeetako haurrei organoaren kultura ezagutarazteko oso baliagarria izango dela uste dugu», zehaztu du Acitoresek. Ostiralean egingo dute organoaren aurkezpen kontzertua eta organogilea bera izango da Orion. Kontzertua baino lehen organoaren inguruko azalpenak emango ditu Federico Acitoresek, argazkiz lagunduta. Europako errepertorioa Orioko organo berria ez dute hutsetik abiatu. Aurreko organoaren 853 hodi mantendu dituzte, eta 1.152 hodi gehiago jarri dizkiote berriari. «Aurreko organoa kontserbatu nahi izan du Orioko parrokiak. 1934koa zen hura, eta nahiko hondatuta zegoen. Horrelakoetan, ahal dena arpobetxatzen saiatzen gara, baina makinaria aldatu behar izan diogu, ezin baitzen horri organo berrirako berrerabili», zehaztu du Acitoresek. «Dena dela, organo berria guztiz mekanikoa da eta ez ditu organo modernoetan jartzen diren gailu elektrikoak». Gainera, hiru teklatu ditu organoak, aurrekoak baino teklatu bat gehiago. Orioko parrokiako koruak itxura berritua estreinatzeaz gain, soinu aldetik ere berrikuntzak izango ditu. «Aurreko organoaren ezaugarri akustikoei eusten saiatu gara organoak dituen bi teklatuetan. Horretaz gain, hirugarren teklatuak Europako organo konposatzaile handien errepertorioa jotzeko prestatu dugu. Aurrekoak ez zuen aukera hori, liturgiarako prestatutako organo sinfonikoa baitzen». Egitaraua Azaroaren 15a, ostirala, 20:00etan. - Orioko Bariko Nikolas Deunaren parrokiko organoaren aurkezpen kontzertua egingo dute. Organo egileak azalpenak emango ditu lehenengo. -Jarraian, Musikeneko eta Baionako Kontserbatorioko irakasle Esteban Landartek kontzertua emango du. Azaroaren 29a, ostirala, 20:00etan. Easoko gizonezkoen abesbatzak kontzertua emango du eta Bartzelonako Kontserbatorioko irakasle Oscar Candendo izango da organoan. Abenduaren 13a, ostirala, 20:00etan. Loreto Aramendi organista oriotarrak kontzertua eskainiko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide