Arnes berezia eraman behar dute txakurrek eta korrikalariek krosetan (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Azaroaren 24ean jokatuko da Orioko I. Txakur Krosa, Euskadiko Ligarako proba puntuagarria, Orioko
Katu Horia Albaitaritza Klinikak eta
Txikas de Etxauri Elkarteak antolatuta. Lasterketa solidarioa izango da, eta bildutako dirua bazterkeria egoeran dauden txakurrei laguntzeko erabiliko dute. «Txikas de Etxauri Elkarteak txakurtegietan uzten dituzten txakurrak herritarrek adopatu edo etxean har ditzaten egiten du lan. Dena dela, txakur horiek osasun eta zaintza arloan zenbait behar izaten dute, eta lasterketan biltzen dugun dirua behar horiek asetzera bideratuko dugu», azaldu du Orioko Katu Horia Albaitaritza Klinikako Mikel Eskudero albaitariak.
Orioko Txakur Krosak zortzi kilometro eta erdi izango ditu. Hondartzatik abiatuko dira parte-hartzaileak, Itxaspera igoko dira, eta bertatik Kukuarrira joango dira korrika; gurutzetik galtzada nagusira jaitsiko dira, eta Itxaspe aldera abiatuko dira berriz ere lasterketa hondartzan amaitzeko. «Lasterketa mendian zehar izango da, txakurrentzat asko hobeagoa delako. Txakurrek asfaltoan korrika egiten dutenean marruskadurarekin oin azpiko kuxinak asko berotzen zaizkie, eta hori kaltegarria da haientzat. Horregatik, txakur krosak mendian barrena egiten dira», azaldu du.
Orioko Txakur Krosa baino lehen parte-hartzaile guztiei albaitaritza azterketa egingo zaie. «Txakurraren osasun libreta begiratzen da, eta txipa duen ikusten da. Gainontzean, txakurrak ez duela errenik egiten egiaztatzen da», zehaztu du albaitariak.
Txakurra ere prestatuta
Txakur krosetan txakurra izaten da beti aurretik korrika joaten dena. «Txakurrak gozatu egin behar du lasterketan, eta berak markatu behar du erritmoa. Horregatik, txakurra pertsonaren atzean edo alboan joaten bada, zigortu egiten da jabea, edo lasterketatik kanpo uzten da», azaldu du Eskuderok.
Zenbaitetan txakur asko biltzen direnean jolasten hasteko ohitura izaten dute. Txakur krosetan ere hori gertatu liteke. «Norberak jakiten du nolakoa den bere txakurra. Horregatik, txakur urduriak atzeko aldean jartzen dira, gainontzeko txakurrak aztora ez ditzaten».
Hasiera batean edonork har dezake parte mota horretako txapelketetan, baina mendian barrena zortzi kilometro eta erdiko ibilbidea egin behar denez, garrantzitsua da jabea eta txakurra elkarrekin korrika egitera ohituta egotea. «Ez da nahikoa pertsona sasoian egotea, txakurrak ere prestatzea behar izaten du. Paseatzera irteten den txakurrari ezin zaio bat-batean zortzi kilometro eta erdiko ibilbidea korrika osarazi», azaldu du Eskuderok.
Informazio praktikoa
Ordutegia. Lasterketa azaroaren 24an 11:00etan hasiko da. Dortsalak 10:30ak arte banatuko dituzte antolatzaileek.
Lau maila. Gizon eta emakumeen maila bereiztuko dituzte eta horietako bakoitzak lau azpi maila izango ditu.
- Jubenil maila: 14-16 urte bitartekoak.
- Senior maila: 17-39 urte bitartekoak.
- Beteranoen A maila: 40-49 urte bitartekoak.
- Beteranoen B maila: 50 urtetik gorakoak.
Izena ematea. Lasterketan izena eman daiteke azaroaren 22ra arte
www.herrikrossa.com webgunean.