Orio Fashion Week kartelaren egile Rosana Arruti eta Arkupe Merkatari Elkarteko lehendakari Ainhoa Fernandez, Arraunetxea atzean dutela (Aiora Larrañaga/Hitza)
Moda desfileen
glamour-ak hartuko du Orio asteburuan. Orioko Arkupe Merkatari Elkarteko arropa eta osagarri merkatariek dena prest dute, eta urduritasuna antzematen zaie antolatzaileei. Arkupeko lehendakari Ainhoa Fernandezek argi du «aste berezia» izango dela datorrena. Larunbatean 18:00etatik aurrera Arraunetxean moda desfilea egingo dute, eta horrekin abiatuko dute Orio Fashion Week. Ondoren, aste osoan eskaintza bereziak egingo dituzte dendek. «Desfilearen egunean esango du denda bakoitzak zein promozio mota egingo duen».
Moda desfilea Arraunetxean egingo dute. «Toki berezia da Arraunetxea. Beirate ikusgarria du, eta iluntze partean herria argiztatuta ikus daiteke bertatik. Ikuspegi egokia da hori herriko merkatarien moda desfilearentzat». Gainera, saltoki bakoitzak bere ukitua emango dio desfileari. Denda bakoitzak aukeratuko du musika, bere eskaintzari eta izaerari egokituta. Izango da zuzeneko musika eskainiko duenik ere. Saltokien desfileen artean bakarrizketak eta «bestelako sorpresak» ere izango direla jakinarazi dute antolatzaileek.
Laguntza eskertuz
Askotariko arloetako merkatariek osatzen dute Arkupe Merkatari Elkartea, eta modaren astean arropa eta osagarri dendek parte hartuko badute ere, gainontzekoek ere lagunduko dute antolatze lanetan. «Promozioak moda saltokiek egingo dituzte. Hala ere, gainontzeko merkatariek ere egingo dute ekarpena ekitaldian. Sarrerak bakoitzak zenbaki bat izango du, eta moda desfilean 50 euroko bonoak zozkatuko ditugu ikusleen artean. Bono horiek Arkupeko edozein saltokitan gastatzeko aukera izango dute saridunek».
Denera 13 saltokik erakutsiko dituzte arropak eta osagarriak larunbateko moda desfilean. «Mota horretako ekitaldia antolatzea lan handia da, eta Arkupek benetan eskertu dio Orioko Udalari izan duen prestutasuna. Azpiegiturari dagokionean erraztasun guztiak eman dizkigu udalak, eta Orioko Turismo zinegotzi Miriam Urangak asko lagundu digu antolatze lanetan», eskertu du Fernandezek.
Arkupe Merkatari Elkarteko bazkideen artean ile-apaindegirik ez badago ere, Fernandezek azaldu du Orioko hainbat ile-apaintzaile boluntario desfilearen antolaketa lanetan laguntzeko prest agertu dela. «Eskerrak eman behar dizkiegu haiei ere laguntzagatik».
Horretaz gain herritarrek izan duen jarrera ere nabarmendu du Arkupe elkarteak. «Segurtasun irizpideak direla-eta 400 lagunentzat tokia dago Arraunetxean. Hasiera batean ez genekien 400 lagun biltzera iritsiko ginen, baina erantzuna oso ona izan da. Herritarren artean ilusioa sortu du moda desfileak eta jendea bertan izateko irrikitan dago. Pena da sarrerak agortuta izatea». Harrera ikusita, datorren urteari begira jende gehiago bildu daitekeen aretoa izaten saiatuko dira Arkupekoak.
Merkatarien nahia egitasmoak oriotarren artean erosketak herrian bertan egiteko giroa sortzea da. «Salmentei dagokienean, azaroa hilabete kaskarra izaten da. Horregatik bururatu zitzaigun moda desfilea garai honetan antolatzea», azaldu du Fernandezek.
Arkupe elkartea abiatu zutenetik oriotarrak herrian erosketak egitera animatzea izan da elkartearen helburuetako bat. «Oriorentzat oso garrantzitsua da merkataritza giroa izatea, horrek bizitasuna ematen baitio herriari. Krisiak gogor eragin badigu ere, pixkanaka saltoki berriak ikus daitekez herrian. Hori pozgarria da, gero eta eskaintza zabalagoa izanda, oriotarrek nahi dutena herrian aurkitzeko aukera izango baitute. Herritarrak erosketak Orion egitera animatu nahi ditugu Arkupetik», azaldu du Fernandezek.
1orio@hitza.info