Orokorrean %2,1 igoko dituzte tasak eta zergak Orion datorren urtean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko azaroaren 5a

2014ko Ordenantza Fiskalak Zergak
  • Ondasun Higiezinen Zerga %2,1 igoko da.
  • Etxebizitza hutsak. Zerga berezia izango dute, %100ekoa. Etxe hutsak zein diren definitzeko ordenantza bat argitaratuko du Orioko Udalak.
  • Jarduera ekonomikoen gaineko zerga. KPI adina igoko da.
  • Ibilgailuen zerga. KPI adina igoko dute.
  • Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga. Izoztu egingo dute.
Tasak
  • Iturriaga Jauregiko prezioak. KPI adina igoko dituzte.
  • Azurza etxeko apartamentuen prezioak. Izoztu egingo dituzte.
  • Herriko lokal eta azpiegiturak erabiltzearen prezioak. Izoztu egingo dituzte.
Bestelakoak
  • Udako TAO. Orduko 1,25 euroko prezioa izango du. Laugarren ordutik aurrera prezioaren %80 ordainduko da.
  • Txu-Txu trenaren prezioa. 0,60 eurokoa izango da.
  • Musika eskolako prezioak. KPI+ 2 puntuko igoera izango dute.
  • Kiroldegiko tasak. Ikastaroak %7,5 igoko dira, eta abonoak %5.
  • Garajeak. Karela eta Mendibeltz azpiko garajeen prezioak izoztu egingo dituzte.
  • Hilerriko prezioak.  Hilerrian lanak egingo ditu Orioko Udalak eta %25 igoko ditu tasak. Nitxoen eta panteoien esleipena KPI adina igoko da.
  • Hondakinen zerga. Erabiltzaile txikiek KPI gehi 5 puntuko igoera izango dute. Erabiltzaile handiek KPI gehi 7 puntu. Elkarte gastronomikoei metro koadro kopuruaren araberako tasak aplikatuko zaizkie.
  • Uraren zerga. 2014ko urtarriletik aurrera etxebizitza bakoitzean erroldatuta dauden pertsona kopurua kontuan hartuko da ur kontsumoa kalkulatzerakoan.
Gazte lokalen erabilera eta auzotarren eskubideak bateratu dituzte ordenantza berrian (Aiora Larrañaga/Hitza) Urte berria iristear da, eta beste hainbat gairen artean 2014ko ordenantza fiskalak onartu zituzten ostegunean, Orion Bildu eta Orain udal taldeen aldeko zazpi botorekin, eta EAJren aurkako bost botorekin. Orokorrean %2,1 igoko dituzte tasak eta zergak. Horretaz gain, Orioko Arraunketa eta Piraguismo Teknifikazio Zentroko aisialdi zerbitzuaren kudeaketa KastoreGest enpresari esleitzea onartu zuen Udalbatzak, Bildu eta Orainen aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Horren harira, udaleko euskara zinegotzi Jon Agirresarobek azaldu zuen lehiaketa publikoko baldintza adiministratiboak gaztelaniaz erredaktatu zituztela udaleko teknikariek. «Duela urte bete ahoz batez erabaki genuen udalean zerbitzua euskaraz ematetik urrats bat aurrera egin behar genuela; lana euskaraz sortzera igaro behar genuela. Asko ari gara hobetzen, eta denborarekin mota honetako txostenak ere euskaraz sortzera iritsi behar dugu». Bestalde, gazteen aisialdiko lokalak arautzen dituen udal ordenantza ere onartu zuten, Bildu eta Orainen aldeko botoekin eta EAJren ezezko botoarekin. Ordenantzarekin gazte lokalek bizigarritasun, higiene eta segurtasunari dagokionean gutxieneko baldintzak betetzea nahi du udalak. Horretaz gain, gazte lokalen erabilera eta auzotarren eskubideak bateratu nahi dituzte dagozkion neurriak hartuta. Horrela, gazte lokaletan sor daitezkeen arazoak murriztu nahi dituzte. Herritarrek hitza Udalbatzarraren amaieran ohiko plenoan bildu zen hainbat herritarrek hartu zuen hitza. Alde batetik, EAJ udalbatzarren isilik egon izana salatu zuten. Izan ere, bertan bildu ziren oriotarrei ez zitzaien bidezkoa iruditu EAJk udalbatzarrean ezezko botoa eman edo abstenitu ondoren azalpenik ez ematea. Orioko EAJ udal taldeko bozeramaile Jon Redondok azaldu zuen udal taldeek «batzordeetan eztabaitzen» dituztela proposamenak, eta ez dutela beren jarrera udalbatzarrean azaldu beharrik. EAJk Herrira auziaren aurrean izandako jarrera ere salatu zuen herritar batek. «Legebiltzarrean EAJk eta Bilduk elkarrekin salatu zuten Herrira-ko kideen aurka egindako sarekada. Herrira-ko kide bezala oso minduta nago, Orioko EAJk ez zuelako parte hartu Orioko Udalean mozioa aurkeztu zen udalbatzarrean». Redondok azaldu zuen mozioa ohiko udalbatzar batean aurkeztu izan balitz, EAJk bere mozioa aurkeztuko zuela. «Uste dugu ez dela koherentea urte betean ohiko plenorik ez egitea» salatu zuen EAJko bozeramaileak. Ohiko udalbatzarren gaiak izan duen oihartzuna kontuan hartuta, Orioko Udal Gobernuak nondik norakoak argitu nahi izan zituen. «Agintaldi erdian urtean egiten diren udalbatzar kopurua kontuan hartuta, Udal Gobernu honek aurrekoak baino udalbatzar bat gehiago egin du. Eta agintaldi erdian ezohiko udalbatzar bat gutxiago deitu du Beñat Solaberrietak aurreko agintaldian Jon Redondok baino. Orain oso arraroa dena aurreko agintaldian ere gertatu zen», azaldu zuen Agirresarobek. Solaberrietak zehaztu zuen hileko azken ostegunetan egiten direla ohiko udalbatzarrak, eta azken urtean asteartetan egin direla.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide