Bake Epaitegian euskaraz egiteko eskubidea bermatzeko eskatu dio Orioko Udalak Eusko Jaurlaritzari

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 28a

Urteetan zehar Orioko eta Usurbilgo Bake Epaitegiko Idazkaria izan denak erretiroa hartu du, eta haren ordez euskaraz ez dakien langile bat hasi da epaitegian lanean. Izan ere, legearen arabera, Bake Epaitegiko idazkariak ez du euskaraz jakin beharrik 2015eko urtarrilera arte. Orioko eta Usurbilgo udalentzat, ordea, Bake Epaitegiko langileak euskaraz ez jakiteak «herritarren hizkuntza eskubideak urratzen ditu. Zehazki herritarrek justizia administrazioarekin euskaraz jarduteko duten eskubidea». Horren aurrean, Orioko eta Usurbilgo Bake Epaitegietan herritarrek eta erakundeek euskaraz komunikatzeko aukera izan dezaten beharrezko neurriak hartzeko exijitu diote Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Administrazio zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuordetzari, Arartekoari, Hizkuntza Eskubideen Behatokiari eta Elebideri. «2013ko uztailetik 2015eko urtarrilaren 15era bitartean 17 hilabete luze daude. Denbora tarte horretan bake epaitegian euskaraz jardun nahi dugu ahoz zein idatziz. Ulertzen dugu herritarren oinarrizko eskubidea dela eta horrela izanik administrazioetatik eskubide hori gauzatzeko berme guztiak jarri behar dira» nabarmendu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide