Haurrentzako eskaintza zabalarekin abiatuko dituzte bihar Orion Goiko Kaleko festak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko urriaren 10a

  Haur eta gazte ugarik hartzen dute parte larunbat arratsaldeko krono igoeran (Aiora Larrañaga/Hitza) Egitaraua Urriak 11, ostirala
  • 17:30ean. Buruhandiak ibiliko dira kalez kale.
  • 18:30ean. Eriz magoarenikuskizuna izango da.
  • 19:30ean. Pintxo txikiteoa.
  • 20:00etan. Atera-trapuak festaren hasieran.
  • Jarraian. Ekin bandaren kontzertua.
  • 22:00etan. Bingo Azkarra egingo dute Goiko Kaleko tabernan.
  • 22:30ean. Mus Txapelketa jokatu dute. Izena 22:00etatik aurrera eman ahalko da, Aldapa Elkartean.
Urriak 12, larunbata
  • 10:00etatik aurrera. Barazki, jantzi, pitxi eta bestelako produktuen azoka egingo da.
  • 16:00etarako. Haur eta gazteen krono igoera mantsoa eta zinta lasterketa antolatu dute.
  • Ondoren. Aurpegi margoketa.
  • 17:30ean. Ipuin kontaketa, Ibai Esoainen eskutik.
  • Jarraian. Txokolate jana.
  • Ondoren. Toka txapelketa.
  • 19:30ean. Pintxo txikiteoa.
  • 20:30ean. La Jodederak, Kubako musikariez eta euskaldunez osatutako musika taldeak, kontzertua emango du.
Urriak 11, igandea
  • 11:00etan. Txistularien diana.
  • 12:00etan. Kantu-jira egingo dute Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldearekin. Ordu berean salda eta haragi egosia banatuko dute tabernan.
  • 12:30ean. Patata tortilla lehiaketa.
  Urte osoan zehar, auzotarren joan-etorriak adi-adi jarraitzen ditu Maria Mestrak Piliku plazatik. Udazkena iristearekin batera, ordea, parrandarako egunak badatozela jakin badaki, baita herriaren beheko aldean bizi diren aspaldiko ezagunak herriaren bihotzean ikusteko aukera izango duela ere. Izan ere, urriko bigarren asteburutan festan murgildu ohi dira Orioko Goiko Kaleko bizilagunak, eta oraingoan ere ez dute huts egingo. Bihartik igandera bitartean ospatuko dituzte Goiko Kaleko jaiak, eta antolatzaileek aurreko urteetako antzeko ekintzak prestatu badituzte ere, egitarau «osatuagoa» izango dute gozagarri. Haurrei zuzendutako ekintza ugari izango dira. Saioen arrakasta Haurren jolas, barre algara eta korrika saioek ematen diote bizia auzoari, eta Goiko Kaleko jaietan datorren egunetan primeran pasatzeko aukera izango dute auzoko eta oro har herriko haur eta gaztetxoek. «Haurrentzako ekimen sorta oparoa antolatzen saiatzen gara. Harrituta geratzen gara hainbat egitasmok izaten duen arrakastarekin», azaldu du Goiko Kaleko Festa Batzordeko kide Joana Domingok. Larunbat arratsaldean antolatzen dituzten krono igoera eta zinta karreran «haur pila bat» biltzen dela nabarmendu du, eta ondoren izaten den toka txapelketak ere arrakasta handia izaten duela. «Iaz amaitu ezinik ibili ginen bildu zen jendetzarekin». Izan ere, Goiko Kaleko festak auzoa biziberritzen dute hiru egunez. «Goiko Kaleko Festa batzordea sortu zenetik hori izan zen helburu nagusia; Goiko Kalea biziberritzea, alegia. Eta, egia esan, jaietan lortzen dugu helburua», zehaztu du. Eriz magoaren ikuskizuna Urtero egitaraua antzekoa izaten bada ere, Goiko Kaleko Festa Batzordeak proposamen berriak ere aurkezten ditu. «Aurten berrikuntza bezala bihar arratsaldean Eriz magoaren ikuskizuna izango dugu. Espero dugu haur eta gaztetxoek primeran pasatzea». Horretaz gain, aurten taberna kalean jarriko du festa batzordeak. «Eguraldi ona egitea espero dugu, Goiko Kalean biltzen garen denok primerako jaiak pasa ditzagun»

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide