Orioko Ikastolak Kilometroen lekukoa hartu zuen unea (Egilea:Naiara Roldan de Aranguiz)
Oriotik gero eta gertuago da 2014ko Kilometroak Jaia. Atzo ospatu zen Tolosan aurtengo Kilometroak festa, eta Orioko Herri Ikastolako ordezkariak bertan izan ziren; datorren urtean festa Orion ospatzeko lekukoa hartu zuten han. Arantza Manterola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak eman zion lekukoa Orioko Herri Ikastolako lehendakari Gemma Etxaberi.
Orioko Herri Ikastolako kideek "pozik eta ilusioz beteta" hartu dute lekukoa. "Oso pozik eta aldi berean ardurarekin hartu dugu lekukoa; izan ere, erronka handia dugu aurretik. Kanpotik ez da ikusten, baina prozesu luzea izan da. Duela hiru urte aurkeztu genuen Orion Kilometroak Jaia ospatzeko proiektua, eta dagoeneko errealitate bihurtu da", azaldu du Etxabek. Erronka garrantzitsua dute oriotarrek aurretik, "Kilometroak jaia antolatzea ardura handia da. Etekin ekonomikoa ateratzeko festa da, baina beste balio batzuk sustatzeko aprobetxatu nahi dugu. Kalitatezko festa bat egitea da gure helburua. Errespetu handia ematen badu ere, indarra eta lanerako gogoa ditugu", azaldu du Etxabek.