Jose Luis Korta golfean jokatzen, Artxandako zelaian (Urola Kostako Hitza)
Itsas gizona denik ezin dezake inork ukatu. Baina traineru denboraldia bukatzen denean, lehorrean ibiltzea ere gustuko du Jose Luis Kortak (Orio, 1949). Lehorrean, eta arraun mundutik nahiko urruti. Telebistako konpromisoetan murgilduta ibili da azken urteetan. Kasu honetan, ordea, Artxandako golf zelaian harrapatu du UROLA KOSTAKO HITZA-k. Astearte eguerdia da, eta Kortak golfean jokatu berri du.
Zer moduz joan da saioa?
Izerdi pixka bat bota dugu, eta gustura nago. Kolpe on batzuk atera zaizkit, eta beste batzuk, txarrak. Denetarik egon da. Binaka jokatu dugu, eta lagunari irabazi egin diot. Normalean, Derion jokatzen dut, bederatzi zulotako zelaian, baina gaurkoan Artxandan aritu naiz. Honek ere bederatzi zulotako joko-eremua du, baina basurdeak triskantza egina du, eta zulo gutxiago daudenez erabilgarri, bi itzuli egin ditugu. Giro ederra izan dugu, ipar haize freskoarekin.
Askotan praktikatzen al duzu?
Iaz hasi nintzen jokatzen; joan den martxoan urtebete egin zuen. Bolada honetan, udan, gutxiago ibili naiz, arraun denboraldian buru-belarri ibili naizelako. Burua horretara jarrita izan dut, eta golf zelaira beste era batera joan behar duzu. Bola astindu eta hari segika munduaz ahaztera, hain zuzen ere.
Orduan, terapia moduko zerbait al da zuretzat?
Horrelako zerbait dela iruditzen zait. Ez dut halako gauzez gehiagi ulertzen, baina golfean jokatzera etortzen zara, eta hiruzpalau ordu egiten dituzu horrelako zelai batean, edo bospasei zelai handi batean, eta on egiten dizu. Probatuko banu harrapatu egingo ninduela esaten zidaten, eta horrela izan da.
Zer du golfak zu sorginduta uzteko?
Azken finean, zeure buruaren aurka jokatzen duzu. Pilotaren aurka. Kolpe guztiak diferenteak dira, baita distantziak, haizea eta aldapak ere. Pilota bostehun aldiz kolpatzen baldin baduzu, kolpe bakoitza berezia izango da. Batekin zuloan sartuko duzu, eta bestearekin 20 zentimentrora edo 10 metrora geratuko zara. Ez da horren sinplea, eta, hain zuzen ere, zailtasun horrek egiten du erakarri. Izan ere, zulo batean txukun aritu zaitezke, eta ondorengoan kolpe pila bat eman pilota zulora sartu aurretik.
Nola ekin zenion golfean jokatzeari?
Kirol mota gehienak gustatzen zaizkit, eta familiak golfeko ikastaro batzuetara eraman ninduen, Deriora. Horrela hasi nintzen. Iaz ordu mordoska bat sartu nuen, baina aurten gutxixeago aritu naiz tamalez. Goiza edo arratsaldea pasatzeko modu polita dela iruditzen zait.
Askok pentsatuko dute señoritoen kontua dela golfa.
Bai, normalean hori esaten da. Dirudunek eta aisialdirako denbora sobera dutenek praktikatzen dutela. Dena dela, edozein zaletasun praktikatzea da garestia egun. Ni ehizean ere ibiltzen naiz, eta barruti batean sartzen baldin bazara, golfean jokatzea adina kostatzen zaizu. Jakina, zelai onetan ibiltzen bazara, eta bertako bazkide izan nahi baduzu, diru gehiago behar da. Baina golfean jokatzeko 200 eurorekin nahikoa burdin (golfeko makila) eskura ditzakezu. Pilotak lortzeko, berriz, arreta jartzen baduzu, bat galdu eta hiru topatzen dituzu. Zurea ez duzu aurkituko, baina besteena bai.
Edonola ere, gainerako kirolak baino garestiagoa al da?
Ez zait iruditzen horren garestia denik. Golf zelai txikietan 400-500 eurorekin urte osoan joka dezakezu. Ni Derioko bazkidea naiz, eta diru kopuru horren truke nahi adina joka dezaket denboraldi osoan. Jakina, ez du joko-eremu handia; zulo luzeena 120 metrotara dago. Zelai handietan, berriz, 500 metrotara daude.
Material propioa duzu, ala golf elkartean alokatzen duzu?
Jokatzen hasi nintzenean nire materiala erosi nuen, baina merke antzerakoak dira. Garestiagoak ere badaude merkatuan. Autoekin bezala gertatzen da hemen: merkerik ez dago, baina garestiak beti topatuko dituzu. Ferrari bat erosi nahi baduzu, ederki ordaindu beharko duzu.
Beraz, zuk makila ekonomikoak dituzu oraingoz.
Dudan ekipamendua gutxi kostatu zitzaidan, bai. Horretaz gain, lagun batek oparitutako beste ekipamendu bat dut. Beraz, bi ditut. Gaur, adibidez, makiletako bat hautsi zait jokoan nenbilela. Ez dakit fabrikatik akatsarekin zetorren ala gogorregi astindu dudan. Makilari zuntza hautsi zaio, eta pitzatuta geratu zait.
Arraunean makil handiagoekin ibiltzen zara. Zer moduz moldatzen zara txikiekin?
Golfean hainbat tamainatako makilak daude. Handiak ere badaude, kirten luzearekin eta buru handiarekin, pilota urrutira jaurtitzeko. Bere eragozpena ere badute, ordea. Urrutira bidaltzeko kolpea ematen diozu, baina hegalera desbideratu ohi da askotan. Golf zelai batera joan nintzen estreinako aldian, kirol hau asmatu zuena tranpa jartzaile hutsa zela pentsatu nuen. Denetarik du: hondarra, sasia, ura... Tranpa handiak eta zulo txikiak.
Arrauneko estrategiak baliagarriak al dira golferako?
Kirol guztietan bezalaxe, honetan ere saiatua izan behar zara. Egun batean izugarri ongi aritu zaitezke, baina hurrengo egunean aurrekoan lortutakoa hobetu nahi duzu. Arraunean gauza bera gertatzen da. Jardunaldi batean bandera irabazten duzu, eta hurrengoa okerrago ibili bazara, egurra ematen dizute. Azken finean, bizitzako gauza guztietan bezala, sekretua lana, lana eta lana da.
Isiltasuna eta kontzentrazioa da nagusi golfean. Arraunean izaera handiarekin aritzen zara, baita haserre antzera ere. Alde horretatik, aldaketa handia nabaritu al duzu?
Bai, nabaritu dut. Jakina, golfean jokatzen dudanean ere haserretzen naiz, eta biraoren bat ere botatzen dut, pilota zulora sartzen asmatzen ez badut. Ongi ateratzen zaizunean, irria ateratzen zaizu. Aitzitik, asmatzen ez duzunean, gaizki jokatu duzulako da. Zuk zeuk egin duzula kale, eta beste inork ez du horren errurik. Ongi kolpatu duzulako, trakets kolpatu duzulako, pilotak bote handiegia eman duelako, haize gehiegi dagoelako... Zaila da, benetan. Pentsa ezazu zenbat jokalari on dagoen munduan, eta ez dituztela txapelketa guztiak irabazten.
Txapelketak aipatu dituzula, lehiatu al zara noizbait halako batean?
Santander aldean jokatu izan dut gonbidatuta, eta Derioko elkartearekin pare bat aldiz ere lehiatu naiz taldeka. Kantabria inguruan Euskal Herrian baino zaletasun handiagoa dagoela iruditzen zait, eta gure aldean hobeto jokatzen dutela. Euskal Herrian Txema Olazabal dugu, baina haiek Seve Ballesteros izan zuten aurrena, eta, nolabait esateko, afizioa lehenagotik datorkie. Eta handik deitu izan naute txapelketa batzuk jokatzeko. Hori bai, zeharo gaizki aritu nintzen. Beste behin, Derion, irabazi egin genuen, Arboledako taldearen aurka.
Eta lagunartean aritzen zarenean, apustu egin edo afariren bat jokatzeko ohiturarik ba al duzu?
Ez, ez dugu ohiturarik. Lagunartean jokatu ondoren, txakolina hartzen dugu. Gaur, esaterako, bazkari legea dugu elkarte gastronomikoan. Hitzordu biribila, bai.