Erabilitakoak bigarren aukera izan dezake

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko ira. 25a, 04:04

Erosi, erabili eta bota, hori izan da azken urteetako joera. «Plastikoaren garaian etxea erabiltzen ez ditugun trastez beteta izatera iritsi gara», azaldu du Alfredo Iglesiasek, Orioko bigarren eskuko azokako antolatzaileetako batek. «Duela urte gutxira arte ordea, ohikoa zen anai-arreben, familiakoen edo lagunen artean arropa, jostailuak edo bestelako objektuak trukatzea». Ekonomia oso indartsu egon den garaian, berriz, herritarrei ahaztu egin zaizkie betiko ohiturak. «Lehen gauzei balio handia ematen genien, eta, horregatik, puskatuta eta konpontzeko aukerarik ez zegoenean botatzen genituen gauzak. Lehenbizi konpontzen saiatzen ginen; ahalegina egiten zen horretan. Zerbait botatzen zenean ere, aprobetxatu zitekeen atala gorde egiten zen». Azken urteetan, ordea, ohitura hori galdu, eta erosi, erabili eta botatzeko dinamika zabaldu da herritarren artean. Sakeleko telefonoa noiz nahi aldatzea, edo arropa jada boladan ez dagoelako bota eta berria erostea dira merkatuak zabaldu duen kontsumo ohitura berriaren adibide garbiak. Denetarik aurkitu daiteke Orioko bigarren eskuko azokan (Aiora Larrañaga/Hitza) Joera horien aurrean bigarren eskuko azokak antolatzen dituzte eskualdeko herri askotan. Orion, esaterako, hileko hirugarren larunbatean biltzen da jendea herriko plazan, goiz-eguerdi partean. «15 postu inguru jartzen ditugu. Bakoitzak etxean duena eramaten du; arropa, diskoak, liburuak, koadroak, jostailuak, elektrogailu txikiak eta etxeko arropa, besteak beste. Denetik aurki daiteke bigarren eskuko azoketan. Nik erabiltzen ez dudana beste batek beharko du, eta aprobetxa dezake». Antolatzaileek azaldu dutenez, bigarren eskuko azokan postua jartzeko ez da azpiegitura berezirik behar. «Mahairik ez duenak maindire bat jar dezake lurrean, eta saldu nahi duena horren gainean jarri. Guztiz librea da». Euskaldunek «errezeloa» Herrialde askotan bigarren eskuko azokak edo saltokiak gizartean txertatuta badaude ere, Euskal Herrian azken urteetako joera da, eta oraindik ere kosta egiten zaie herritarrei haietara hurbiltzea. Orion, esaterako, herritarrek eta, oro har, euskaldunek erosterako garaian «errezeloa» izaten dutela uste du Iglesiasek. «Euskaldunok orokorrean ez gara ezagutzen ez dugun norbaitek erabilitakoa erostearen lagun. Oriotarrak azokatik pasatzen dira, baina ez dute gehiegi erosten», azaldu du. «Iraila bereziki oso hilabete txarra izan da. Haurrak eskolara hasi dira, eta gurasoek liburuak eta eskola materiala eroski behar izan dute. Azoka hilabetearen hirugarren asteburuan izaten da, eta antzeman dugu jendeak ez duela dirurik. Gutxi saldu dugu», aitortu du. Antolatzaileek oriotarrak azokan parte hartzera edo bertatik bueltatxo bat ematera animatu dituzte. «Behar ez duguna saltzeko aukera aproposa da bigarren eskuko azoka. Baita behar dugun hori oso prezio onean aurkitzeko bidea ere».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide