«Etorkizuneko Orio nolakoa izatea nahi dute herritarrek?». Hausnartzeko unea iritsia da. Orioko Udalak 180.000 euroko aurrekontua jarri du Hiri Antolamendurako Plan Nagusia eta ingurumen eraginaren ebaluazio bateratua idazteko, eta aholkularitza lana kontratatzeko.
2012ko udaberrian inauguratu zuen Orioko Udalak Salatxo plaza berria. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Besteak beste, azken urteetan Hirigintza arloan herrian sortutako gatazkek bultzatu dute udala Orioko hirigintza proiektuak mahai gainean jarri eta aztertzera. «Jakinak dira Orion plan urbanistikoaren inguruan egon diren arazo guztiak. Arau ordezkatzaileekin hasi, eta 2012an onartu zen plan orokorrarekin amaituz. Prozesu honetan sortu diren arazoak berriz gerta ez daitezen, Plan Nagusi berri bat idaztea garrantzitsua iruditzen zaigu», azaldu du Orioko alkate Beñat Solaberrierak.
Horretaz gain, egun Euskal Herriak, eta, oro har, Europak bizi duen krisi ekonomikoak Plan Nagusia aldatzeko erabakian ere eragina izan du. «Garai hartan eginiko planeamenduak ez du erlazio handirik gaur egungo errealitatearekin. Egoera ekonomikoa aldatu egin da, baina baita egoera sozio-politikoa ere. Horregatik, uste dugu garai berrietara egokitu egin behar dugula. Hemendik urte batzuetara Orio nolakoa izango den definitzea garrantzitsua da».
Bestalde, Orioko alkate Beñat Solaberrietak zehaztu duenez, plan berriak egungo errealitatea nolakoa den ezagutzen ere lagunduko diela uste dute.
Etorkizuneko Orio nolakoa izango den erabakitzerako orduan, Orioko Udal Gobernuaren iritziz ezinbestekoa da herritarren hitza jasotzea. «Politikarien nahietan oinarritutako plan batek ez du zentzurik. Oinarrizkoa da herritarren ikuspegia diagnosian txertatzea, azterketan haien iritzia jasotzea, eta ondorioak elkarrekin formulatzea. Horrela bakarrik izango baitugu denon plan orokorra idatzita», azaldu du Orioko alkateak.
Solaberrietaren esanetan, proposamen berriak aztertzeaz gain orain arteko planteamenduak ere mahai gainean jarriko dituzte. «Orain arteko proiektuak diagnosia egin ondoren aztertuko dira. Aurreko plan orokorraren %80 exekutatuta dago, eta gauzak berformulatzeko margen gutxi dago. Prozesuak erakutsiko du zer egin daitekeen».