‘Euskaraz bizi-bizi’ bideoa grabatuko dute hilaren 27an eta 30ean Orion

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko irailaren 20a

Euskaraz bizi-bizi egitasmoak euskara bultzatu nahi du herritarren artean. (Aiora Larrañaga/Hitza) Euskararen egoera asko hobetu da Orion azken bi hamarkadetan, baina oraindik ere normalizaziorako bidean «urratsak eman beharra» dagoela uste du Orioko Udaleko Euskara Aholku Batzordeak. Ildo horretan, oriotarren kontzientzia linguistikoan eragitea du helburu duen Euskaraz bizi-bizi ekimena abiatu dute, herritarrek euskaraz bizitzea aukera dezaten, eta euskararen erabilerak esparru berriak irabaz ditzan. «Uste dugu oraindik ere arrazoiak badaudela euskararen aldeko diskurtsoa aldarrikatzeko, eta horregatik jarri dugu martxan Euskaraz bizi-bizi egitasmoa. Euskara gehiago erabiltzearen aldeko giroa sortu nahi dugu herrian», azaldu dute Eukara Batzordetik. Orain dela 20 urte Euskaraz gazte bideoak herritarren artean izan zuen harrera ona eta arrakasta ikusita, Euskaraz bizi-bizi egitasmoaren baitan ere ikus-entzuneko bat grabatu nahi du udalak udazkenean zehar. Bertan oriotarren euskararen inguruko bizipenak, sentimenduak eta iritziak jasoko dituzte. Grabazioak irailaren 27an eta 30ean izango dira. Egun horietan plato moduko bat jarriko dute plazan eta herriko hainbat txokotan, eta oriotarrak bertara hurbildu eta bizipenak eta sentsazioak kontatzera animatu dituzte. Orioko Udaleko Euskara batzorduburu Jon Agirresarobek eta Euskara teknikari Jabier Zabaletak bideratuko dituzte grabaketak. Udalak azaldu duenez, garrantzitsua da ikus-entzunekoan «era guztietako oriotarrak agertzea;  adin, kolore, eta joera guztietakoak, alegia». Izena emateko bidea Grabazio egunetan dena primeran atera dadin saioak antolatu nahi dituzte, eta horretarako izena aldez aurretik eman behako da, «grabazioa modu egokian bideratu ahal izateko». Ikus-entzunezkoan parte hartu nahi duten oriotarrek irailaren 25 baino lehen Euskara Batzordera, 943-83 03 46 telefono zenbakira, hots egin behar dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide