Asteburuan Orioko XX. Surf Txapelketa jokatuko dute

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko irailaren 19a

Orioko surf txapelketako irudi bat (Argazkia: OST) Udan zehar jendetza bildu da Orioko hondartzan surfaz gozatzeko. Gero eta haur, gazte eta heldu gehiago dira surfzaleak herrian, eta Orioko Surf Taldeak kirola ezagutzeko lanean dihardu buru-belarri. Datorren asteburuan, esaterako, Orioko XX. Surf Txapelketa antolatuko du. Aurreko edizioetan bezala hainbat modalitatetan banatuko da txapelketa. Open edo modalitate irekian, emakumezkoen mailan, 16 urte azpiko mailan, body board modalitatean eta long board modalitatean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, txapelketa herrikoia izango da. Beraz oriotarrek soilik parte har dezakete. «50-60 lagun inguru bildu ohi gara». Marmitako jana Itsasoaren egoera ona baldin bada, larunbatean 10:00etan abiatuko dute Orioko Surf Txapelketa, eta 19:00ak bitartean kanporaketa saioak jokatuko dituzte. Finalak, berriz, igande arratsaldean izango dira, eta, ondoren, sari banaketa eta zozketa egingo dituzte. Orioko Surf Elkarteko kideek «parte-hartzaile guztiak irabazle senti daitezen» nahi dute. Horregatik, saririk eskuratu ez duten partaide guztien artean surf ohol bat eta jantzia zozkatuko dituzte. Surf norgehiagokaz gainera, txapelketa surflarien bilgunea ere izan dadin nahi du Orioko elkarteak. Hori hala, elkar ezagutza bultzatzeko larunbat eguerdian marmitako jana egingo dute txapelketako parte-hartzaile guztientzat. «Ez da musika eta giro ona faltako festan». Orioko XX. Surf Txapelketan parte hartu nahi dutenek surf elkarteko lokalean eman beharko dute izena. Zortzi euro kostako da parte-hartzea, eta prezio horren baitan marmitako jana ere sartuko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide