Orioko Arraun Elkarteko zuzendaritza taldeak elkartearen finantzen inguruan hausnartu ondoren, babesleez gaindiko diru iturriak jorratzen hasi da. Udaberrian, esaterako, Garagardo Azoka antolatu zuen, eta ostiral honetarako bertso jaialdia dute prest. 22:30ean izango da, kiroldegian. «Dena prest da bertso saiorako, eta oraindik sarrerak erosi ez dituzten herritarrak garaiz dabiltza», jakinarazi du Orioko Arraun Elkarteak.
Sarrerak Arkaitz, Aterpe eta Salatxo tabernetan eta Kutixi kafetegian eskura daitezke, 10 eurotan.
Arrauna abiapuntua
Bihar gaueko bertso saioan arraunarekin lotutako gaiak eta beste hainbat izango dituzte hizpide bertsolariek. «Arrauna izango da abiapuntua, baina bertso saioetan gertatzen den moduan, ezin da jakin zeren inguruan bukatuko dute bertsotan», azaldu du Orioko Arraun Elkarteko zuzendaritza taldeko kide Zigor Gazpiok. Eta gehitu: «Igandeko saioak, Kontxako Bandera estropadak arraun munduan hautsak harrotu ditu, eta gaia puri-purian dago. Bestela ere, ez da ahaztu behar arrauna oriotarrentzat oso garrantzitsua dela, eta beti ematen duela zeresana».
«Gai interesgarriak» jorratzeaz gain, goi mailako bertsolariek hartuko dute parte bertso jaialdian. Bertan izango dira Sustrai Colina, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Xabi Paya bertsolariak. Gai-jartzailea Unai Manterola izango da.
Zigor Gaspio:
«Krisiak finantzazioa eskuratzea zaildu egin du»
Orioko Arraun Elkarteak bertso saioa antolatu du gaur gauerako. Horren harira, Orioko Arraun Elkarteko zuzendaritzako kide Zigor Gazpio (Orio, 1977) finantzazio iturri alternatiboak aurkitzeko beharraz aritu da.
Zuzendaritza aldatzearekin batera, arraun elkartea hainbat saio martxan jartzen hasi zen. Zer dela eta egin zenuten aldaketa hori?
Krisiak finantzazioa eskuratzea zaildu egin du. Krisi ekonomikoa dela-eta murrizketak egin dituzte erakunde publikoek eta enpresa pribatuek. Horren ondorioz, gero eta gehiago kostatzen zaigu babesleak lortzea. Horren inguruan hausnartu genuen, eta erabaki genuen diru iturri berriak bilatu eta jorratu behar genituela. Horren harira, iaz Arraun Eguna antolatu genuen lehen aldiz, Orioko Udalarekin elkarlanean. Nahiko ondo atera zen lehen ahalegina, eta Arraun Egunaren baitan Garagardo Azoka antolatzea erabaki genuen aurten. Eta oso ondo atera zen.
Bertso saioa ere finantzazio bide alternatibo gisa antolatu duzue, beraz.
Hori da gure asmoa, bai. Orain arte Orioko Arraun Elkarteak ez du bertso saiorik antolatu, eta Kontxako Bandera estropada pasa berri denez, eta herria arraun giroan murgilduta dagoela aprobetxatuz, ideia polita iruditu zaigu.
Mota honetako ekimenak antolatzeak herritarrengana hurbiltzen al du arraun elkartea?
Baietz uste dut. Halakoetan oriotarren erantzuna oso ona izaten da, gainera. Arraun Eguna edo Garagardo Azoka antolatzeko boluntario talde handia behar izan genuen. Garagardo Azokan, esaterako, hiru egunetan lanean aritzeko jendea behar genuen, eta 80 lagunek eman zuten horretarako izena. Oriotarrek asko eskertzen duten herrian giro ona pizten duten jardunaldiak antolatzeko egiten den lana. Zuzendaritzako kideak lan egiteko asmoz hartu genuen ardur,a eta horretan ari gara. Egia da, oriotarrek faltan ematen zuten arraun elkartearekiko gertutasuna. Elkartearen egoitza bera ere herritik urrun dago, eta horrek distantzia sortzen du. Argi utzi nahi dugu herritarrentzat ateak irekita daudela arraun elkartean.
Goi mailan aritzeko garrantzitsua al da finantzazio iturri sendoak izatea?
Arraunlariek arraunaz gain beren lana izaten dute. Baina ez da ahaztu behar goi mailako kirolariak direla, eta modu horretan tratu behar dira. Traineru nagusiaz gain, Orioko Arraun Elkarteak talde ugari ditu: B trainerua, emakumezkoen taldea, eta 100 gaztetxoz osatutako harrobia.