Azpiegitura lan txikiak eginez, oriotarren beharrak asetu nahi ditu udalak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko irailaren 11

Hondakinak bereizteko koloretako ontziak jarri dituzte herriko hainbat txokotan (Aiora Larrañaga/Hitza) Azken urteetan jasangarritasuna gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da gizarteko arlo askotan. Ildo horretan, hirigintza arloan ere jasangarritasunaren aldeko apustua egin dute aditu askok. Ingurua guztiz eraldatzen duten lan erraldoiak egin beharrean, aldaketa txikien bidez hiriak eta herriak hobetzea da korronte horren helburua. Akupuntura urbanistikoa bezala ere ezagutzen da joera hori hiritartze gaiak lantzen dituztenen artean. Gizartea eta erakundeak gogor kolpatzen ari den krisi ekonomiko garaian, gainera, gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen ari da baliabide eskasekin emaitza onak emango dituen proiektutxoak abiatzea, eta ildo hori jarraitu du udan Orioko Udalak ere; herritarren erosotasuna eta ongizatea hobetze aldera, «beharrezkoak ziren proiektu txikiak» burutu baititu. «Irisgarritasuna hobetu eta toki degradatuak txukundu nahi izan ditugu. Aldaketa txikiekin herritarrengan eragin handia duten emaitzak lortzea izan da Orioko Udal Gobernuaren asmoa hasieratik», azaldu du Orioko alkate Beñat Solaberrietak. Udan egin duten zenbait aldaketa oriotarrek egindako eskaerei erantzunez egin dute, eta beste batzuk batzordeetan landu dituzte. Oinezkoentzat egokitu du Orioko Udalak ikastolako eta kiroldegiko pasabidea (A.L./Hitza) Pasabideak txukunduta Hiritartze arloan Eusko Gudari kalea eta Arrantzale kalea lotzen dituzten bi pasabideak txukundu dituzte. Etxe artean badaude ere, pasabide horiek «herriarenak» dira, eta Orioko Udalari dagokio haiek mantentzea. «Etxepean etxaurrea berritzeko lana hastera zihoazela aprobetxatuz, pasabideak ere berritu egin dira, merkatariekin koordinatuta», azaldu du Orioko Udalak. Besteak beste, pasabideetan  argiteria jarri dute, lurra berritu dute, eta bertako irisgarritasuna hobetu dute, gurpildun edota haur aulkientzat eta mugikortasun arazoak dituztenei egokitutako aldapak eginez. Dagoeneko horietako pasabide bat bukatu dute, eta «bigarrena urtea amaitzerako bukatzea» aurreikusten du Orioko Udaletik. Horretaz gain, Abeslari kalean ere aldaketa nabarmena egin dute. Izan ere, irailetik aurrera Arrantzale kalea eta Abeslari kalea elkartzen diren bidegurutzetik hasita, Orioko Herri Ikastola eta kirolegiko bidea oinezkoentzat soilik izango da. «Andra Mari auzoko bizilagunekin bilera batzuk egin ondoren, bertako bizilagunentzat pasabidea uztea adostu dugu, baina kaleak oinezkoen izaera izango du. Besteak beste, eskola orduetan sortzen diren trafikoak ekidin nahi ditugu modu horretan», zehaztu dute. Ingurumen arloan ere urrats bat egin nahi izan du Orioko Udalak. Oriotarrek gaikako bilketa etxean egiteaz gain, kalean ere egitea nahi du. Horretarako, bederatzi birziklatze puntu jarri ditu herriko parkeetan eta plazetan. Beraz, ontzi arinak, papera, hondakin organikoa eta errefusa bereizteko aukera dago dagoeneko. Alketa horiekin herritarren erosotasuna hobetu nahi izan dute udaletik. «Aurrerantzean ere hori izango da joera. Oriotarren beharrak asetu nahi ditugu, haien eskaerak betez». Txikizioak herrian Udala herria txukundu eta oriotarren beharretara egokitzeko ahalegina egiten ari bada ere, zenbait herritar hori «oztopatzen» ari direla salatu dute. Izan ere, udan zehar hainbat txikizio egin dituzte «Ibai ertzeko hondartzako bidean aurten hiru aldiz jarri ditugu zabor ontziak. Jarri eta segituan, ordea, ibaian agertzen dira, botata, edota lehertuta». Horretaz gain, abuztuan Ortzaikako autobus geltokiko markesina ere hautsi dutela salatu dute. Bestalde, berriz ere Kultur Etxe atzeko igogailua hondatu egin dute. «Ez da hori gertatzen den lehen aldia, aurreko batean ere egin baitzuten eta Orioko Udalak kamerak jartzea erabaki zuen. Oraingoan kameran erregistratuta geratu da erasotzailea».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide