Ostegunean egingo dute 2014ko Kilometroen aurkezpen batzarra Orion

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko irailaren 10a

2004an ere Orion izan zen festa. Hamar urte geroago itzuliko da egitasmoa herrira Orion ospatuko da 2014ko Gipuzkoako Ikastolen Kilometroak festa; urriaren 6an Tolosan ospatuko den jaian hartuko du lekukoa Orioko Herri Ikastolak eta «gogo biziz eta ilusioz» beteta abiatu dute ikasturte berria, antolaketa lanei aurre egiteko prest. 2004an  Itsaso zahar, olatu berri festan egin bezala ahalik eta herritar gehienek 2014ko Kilometroak jaiaren antolaketa lanetan parte hartzea nahi du Orioko Ikastolak eta horretarako aurkezpen batzarrak antolatu ditu datozen egunetarako. Gaur bertan izango da lehen bilera 19:00etan Ikastolako areto nagusian eta ikastolako ikasleen gurasoei zuzendua izango da. Bigarren bilera, bihar 19:30erako deitu dute eta antolaketan lagundu eta parte hartu nahi duten herritar guztientzat izango da. «Bileren helburu nagusia festaren nondik-norako nagusienak aurkeztu eta lan taldeak osatzen hastea izango da» jakinarazi dute Orioko Herri Ikastolatik. 15 lan talde 2014 Kilometroak Festa antolatzeko 15 lan talde sortu dituzte eta horien inguruan osatuko dute boluntario sarea. Behin festaren ezaugarriak eta lan taldeen egiteko nagusiak jendaurrean aurkeztuta, irailaren 16tik aurrera jarriko dira lan taldeak martxan. «Denen artean ikasturte osoan zehar aurrera eramango diren ekimenak nahiz 2014ko urriaren 5ean osatuko den Kilometroak Eguna antolatzen hasiko dira lan taldeak buru-belarri». Saioak Ikastoako irakasle geletan egingo dira. Antolaketaren egutegia Lan taldeen saioak
  • Arropa salmenta lan taldea. Irailaren 16an, astelehenean 19:00etan.
  • Ekonomia lan taldea. Irailaren 16an, 17:00etan.
  • Ikuskizunak eta kultura lan taldea. Irailaren 17an, asteartean, 18:30ean.
  • Komunikazio lan taldea. Irailaren 17an, asteartean, 20:00etan.
  • Prebentzio lan taldea. Irailaren 18an, asteazkenean 18:30ean.
  • Erronka lan taldea. Irailaren 18an, asteazkenean, 20:00etan.
  • Txosna lan taldea. Irailaren 19an, ostegunean, 18:30ean.
  • Muntaketa lan taldea. Irailaren 19an, ostegunean, 20:00etan.
  • Zirkuitua, segurtasuna eta trafiko lan taldea. Irailaren 23an, astelehenean, 18:30ean.
  • Osasun lan taldea. Irailaren 24ean, asteartean, 18:00etan.
  • Ingurumen eta garbitasun lan taldea. Irailaren 24ean, asteartean, 19:30ean.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide