Gazteak arrantza biltegien etxaurrea eraberritzen. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Abuztuaren hemeretzian goizeko bederatzietarako erritmo biziz eta alaitasunez, Sorotan Bele musika taldearen
Arratsalde honetan abestiarekin, abiatu zuen 18-25 urte bitarteko talde batek
Gazteak eta itsas kultura auzolandegia. Eraikinaren zahar itxurak ez zituen kikildu, eta abuztuko azken bi asteetan buru-belarri aritu dira Orioko erdigunean dagoen arrantza biltokiaren etxaurrea txukuntzen.
Aranzadiko teknikariek zuzendu dute auzolandegiko alderdi teknikoa. «Txukundu ditugun arrantza biltegiak herri erdi-erdian daude, eta erdigunean txukundu gabe zegoen eraikin bakarra zen hau. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak eta Orioko Udalak etxaurrea auzolandegi baten bidez berritzea erabaki zuten. Gazteek igeltseritza eta pintaketa lanak egin dituzte, eta oso gustura aritu dira». Auzolandegiaren helburua ez da izan etxaurrea berri-berria uztea; gazteek lanbidea ikastea nahi izan dute arduradunek. «Helburua ezinhobeto bete dela uste dut, lan oso ona egin baitute gazteek», adierazi du Asier Izagirre auzolandegiko arduradun teknikoak.
Lanean buru-belarri
Gazteak eta itsas kultura auzolandegian lan mundua zer den ezagutu dute gazteek; lanbidea ezagutu, proiektu bat jarraitu eta hori betetzen ikasi dute, baita arduradun baten aginduetara lan egiten eta ordutegia betetzen ere. «Eraikina berri-berri utzi eta lana amaitzearena bigarren mailan geratzen da horrelakoetan. Lanbidea ezagutzeko ezinbestekoa da askotariko lanak egitea, eta lana banatzen saiatu gara. Egun batean pareta zulatzen jardun duenak, hurrengo egunean pareta masarekin hartzen edota pintatzen jardun baita».
Gazteek auzolandegira iritsi aurretik ez zuten igeltseritza edo pintaketa lanaren noziorik. Bi asteetan lanbidearen inguruko hainbat kontu ikasi dute. «Hasiera batean Aranzadi Zientzia Elkartetik Orioko Udalari aurkeztu genion proiektuan iparraldeko eta ekialdeko pareten etxaurrea konpontzea eta pintatzea proposatzen genuen. Aurtengoa, ordea, oso auzolandegi ona izan da. Gazte asko eta oso langileak etorri dira, eta hasiera batean aurreikusi genuena baino lan gehiago egin dugu. Azkenean, eraikin osoari itxura aldatzea lortu dugu», azaldu du Izagirrek.
Eraikinaz gain, iturri ingurua ere txukundu dute. «Urteen poderioz etxaurrea eraldatzen joan da. Balkoiak jarri, hasiera batean bistan zegoen harria estali, eta beste hainbat aldaketa egin da». Iturriari hasieran zuen itxura itzuli nahi izan diote; horretarako, iturria estaltzeko aterata zegoen balkoia kendu dute. «Eta inguruan zuen harlanduzko harria atera dugu, harria tratatu eta ingurua masarekin jaso dugu, txukun gera zedin».
Ondo pasatzea ere helburu
Lanaz gain aisialdirako beta ere izan dute Eusko Jaurlaritzaren
Gazteak eta itsas kultura auzolandegian parte hartu dutenek. «Astelehenetik ostiralera lan egin, eta gainontzeko denboran aisialdi jarduerez gozatu dugu. Inguruko herriak eta txokoak ezagutzeaz gain, Donejakue Bideko Interpretazio Zetrora joan gara, arraunean eta piraguan ibili gara, eta euskal dantza ikastaroa egin dugu, besteak beste. Egia esan, ez dugu aspertzeko aukerarik izan».
Auzolandegian Euskal Herritik, Herrialde Katalanetatik eta Espainiar Estatutik iritsitako gazteak bildu dira eta Auzolandegiko zuzendari Ibon Errotagainaren iritziz jatorri desberdineko lagunak elkar ezagutzeko aukera aproposa izan da. «Giro oso polita lortu dugu. Hasiera batean herritar batek baino gehiagok ez zuen sinesten eraikina txukuntzeko gai izango ginenik, baina argi geratu da ondo pasatuz eta elkarlanean jardunez lan txukuna egin dezakeela gazte talde batek».
----------------------------------------------
Carmen Rodriguez
«Auzolandegietako alderdirik onena elkarbizitza da»
Carmen Rodriguezek (Merida, Espainia, 1991) abuztuko azken asteetan
Gazteak eta itsas kultura auzolandegian hartu du parte, beste hainbat gazterekin batera. Bertan bizitakoak hizpide izan ditu Urola Kostako Hitza-rekin.
Auzolandegi batean parte hartu duzun lehen aldia izan al da aurtengoa?
Ez, Oriokoa parte hartzen dudan laugarren auzolandegian izan da. Aurreko urteetan Alacant
(Herrialde Katalanak), Grezia eta Serbia ezagutu ditut modu horretan. Asko gustatzen zait auzolandegietan sortzen den giroa; askotariko txokoak ezagutzeko eta herrialde askotako jendea ezagutzeko aukera eskaintzen du, gainera.
Carmen Rodriguez (Aiora Larrañaga/Hitza)
Zergatik aukeratu zenuen Orioko auzolandegia?
Euskal Herria ez nuen ezagutzen, eta inguru honetan murgiltzeko aukera aproposa zela iruditu zitzaidan. Egia esan, oso aukera ona egin nuen
Gazteak eta itsas kultura hautatuta, esperientzia oso positiboa izan baita.
Lanari dagokionean zailtasunik izan al duzue?
Helburua eraikinaren etxaurrea txukuntzea izan da. Igeltseritza lana egin dugu nagusiki; paretak lixatu eta konpondu ditugu, eta behin hori osatutakoan margotu egin dugu. Oso txukuna geratu dela iruditzen zait. Egia esan, auzolandegi batean mota horretako lana egiten dudan lehen aldia izan da. Aurretik parte hartu dudan auzolandegiak ingurugiroarekin lotutakoak izan dira.
Elkarbizitza zer moduzkoa izan da?
Elkarbizitza da niri iritziz auzolandegietako alderdirik onena, eta azken aste hauetan ere horrela izan da. Gainera, arratsaldetan egin ditugun aisialdirako jardurak ere oso atseginak izan dira. Pena handia ematen dit auzolandegia amaitu izanak.