(Argazkia: Aiora Larrañaga/Hitza)
Inaxita Idiakezek (Orio, 1947) urteak darama josten eta brodatzen. 2000. urtean lehen aldiz Orioko bandera egin zuen estropadetarako, eta ordutik ez du hutsik egin. Aurten ere berak egin ditu asteburuan jokatu ziren hiru banderak.
Nolatan hasi ziren banderak egiten?
Josteko biltzen gara gu astero kultur etxean, eta 2000. urtean sanpedroetako erakusketa jarri genuen han bertan. Joxe Miguel Makazaga
Rubio zen orduan alkatea, eta erakusketa ikustera etorri zenean, asko gustatu zitzaizkion bertan ikusi zituen lanak. Ordura arte Orioko estropadetako banderak Donostian egiten ziren; Kontxako bandera eta beste hainbat egiten dituen emakume berak egiten zuen Oriokoa ere. Dena dela, erakusketako lanak Orion egin baziren, aurrerantzean Orioko bandera ere Orion egingo zela erabaki zuen alkateak. 2000. urtean egin nuen nire lehen bandera.
Norbaitek erakutsi al zizun?
Nik urte asko daramat josten eta brodatzen, baina ez nuen inoiz mota horretako lanik egin. Horregatik, 1999an Oriok Orion bertan irabazi zuen bandera utzi zidaten. Nola eginda zegoen aztertu nuen nik, eta horrela hasi nintzen pixkanaka-pixkanaka.
Diseinua egina izaten al da, edo zuk sortu behar duzu banderaren itxura?
Orioko banderak alde batean herriko armarria izaten du, eta beste aldean babeslearen irudia. Bi elementu horiek oinarri hartu, eta gainontzekoa norberak sortu behar izaten du. Banderaren izena, urtea, armarria eta babeslearen irudiarekin bandera txukuna eta polita osatu behar da. 2000. urterako egin nuen lehenenego bandera horretarako herriko armarria Fernando Ortizek marraztu zidan, eta hori tela batean marraztu nuen nik ondoren. Bigarren marrazkia oinarri hartuta, telaren gainean brodatzea da hurrengo urratsa. Ondoren brodatua banderaren oihalean kokatu behar da, interguneekin.
Lan handia eskatzen al du?
Orain artekoek lan handia eta ordu asko eskatzen zuten, Orio Inmobiliaria etxegilea babeslea zenean, haren diseinuak lan handia eskatzen zuen, asko ñabartu behar zen, harirarekin brodatuz eta brodatuz. Aurtengoa, berriz, oso desberdina izan da, askoz errazagoa. Aurtengoan dagozkion koloreetako telak erosi ditut, eta diseinua osatu ondoren, zatiak dagokien tokian kokatu ditut.
Banderak egiteko erabiltzen dituzun oihalak eta hariak bereziak izaten al dira?
Niretzat oso garrantzitsua izaten da material onarekin lan egitea, bestela lan ona eginda ere emaitza ez baita behar duen bezalakoa izaten. Banderak egiteko erabiltzen diren oihalak kalitate onekoak izaten dira, baina aitortu behar dut lanerako nahiko traketsak direna. Izan ere, lanerako mahaian zehar irristatu egiten dira, eta horrek zaildu egiten du brodatze prozesua. Kontuz ibili beharra dago, bestela bandera zimurtuta geratzen baita, eta hori lixatzea ezinezkoa izaten da. Oihala batetik bestera mugi ez dadin, bordatzen ari naizenean banderaren oihalaren azpian entretela hots egiten diogun papera jartzen diot. Horren gainetik ere brodatzen dut, eta amaitutakoan hori puskatu eta kendu egiten da. Lehenengo bandera egin nuenean, nahiko zimurtua atera zitzaidan, eta etxean banderak dituen Orioko emakume batek komentatu zidan normala dela, berak etxean dituen bandera askok dituztela zimurrak.
Hamahiru urte pasa da lehenengo bandera egin zenuenetik. Honezkero praktika izango duzu, ezta?
Bai, trebetasuna izateaz gain, bandera bakoitzari eskaini behar diodan denbora ere kalkulatuta izaten dut. Lasai lan egitea gustatzen zait, bestela ez baita nahi den emaitza lortzen. Aurten hiru bandera egin ditut, eta nahiko zaila izan da, presaka ibili bainaiz. Orain arte Orioko estropadak abuztuan izaten ziren, eta aurten uztailera aurreratu dituzte. Gainera, bi aste lehenago eskatu zidaten Euskotren Ligarako bandera egiteko, eta presaka ibili naiz, eguneko denbora libre guztia horri eskainiz. Denborarekin abisatzeko esaten diet beti; izan ere banderaren bi aldeak josteko laguntza izan dezaket, baina brodatzeko ez dut lagunduko nauen inor. Beraz, oso garrantzitsua da epeak errespetatzea.